Leire Agirrezabala: «Gogorragoa, baina era berean politagoa da mendian korrika egitea»

Olatz Artola 2013ko urr. 2a, 18:19

Leire Agirrezabala mendi lasterkaria
Lanbidez erizaina eta afizioz kirolaria. Sustraiak Ibarran ditu baina menditik mendira bizi da, eta 2013a geroztik, aldiz, podiumetik podiumera. Lau hilabeteetan, ezustean, lau garaipen lortu ditu Agirrezabalak. Uzturre mendia etxekotzat duen arren Aralarren ibiltzea atsegin du. Euskal Herriko mendiak utzi eta Italiara doa bi aste barru, Munduko Kopako azken lasterketan parte hartzera.

Lanbidez erizaina eta afizioz kirolaria. Sustraiak Ibarran ditu baina menditik mendira bizi da, eta 2013a geroztik, aldiz, podiumetik podiumera. Lau hilabeteetan, ezustean, lau garaipen lortu ditu Agirrezabalak. Uzturre mendia etxekotzat duen arren Aralarren ibiltzea atsegin du.
Euskal Herriko mendiak utzi eta Italiara doa bi aste barru, Munduko Kopako azken lasterketan parte hartzera.

Gaztetan atletismoan ibiltzen zinen, betidanik gustuko izan duzu korrika egitea?

Kirola oro har. Etxean kirola gustuko dugu guztiok eta gurasoekin beti joan izan gara mendira, txikitatik. Herri lasterketetan parte hartzen hasi nintzen, baita krosetan ere. Pista probatu nuen eta txandaka ibiltzen nintzen, krosak eta pistak.

Eta nolatan hasi zinen mendian korrika?
Ia astebururo mendian ibiltzen nintzen, eta korrika ere ibiltzen nintzenez, biak uztartzera animatu zidaten. Izena eman nuen lasterketa batean, baina eguraldi txarra egiten zuenez, ez nintzen joan. Urtebetera Iratiko lasterketan eman nuen izena. Eguraldi txarra egin arren, oraingo honetan, parte hartu nuen.

Mendian korrika egitea ezberdina izango da ezta?
Ezberdina, gogorragoa eta politagoa. Eguraldi ona egiten duenean batez ere. Parajeak ikusten zabiltza eguneko tentsioa botatzen duzun bitartean.

Erlaxatzeko  bide bezala erabili ohi duzu orduan.
Urduria naiz oso. Korrika egitera erlaxazio bila ateratzen naiz. Bakarrik joatea gustatzen zait, eta askotan, musikarik gabe. Lasai eta baketsu sentiarazten nau.

Lehia tartean denean, konpetizioa, erlaxazio-terapia izateari uzten dio?
Gustatzen zaidalako egiten dut korrika. Lasterka egitera denboran eta kilometroetan arreta jarri gabe joaten naiz; kronometro gabe, alegia. Gustura banabil, denbora gehiago egiten dut korrika. Egunaren araberakoa izaten da.  Orain ordea gehiago daramat, baina ez dut lasterketari begira entrenatzen.

Lehen dortsala maiatzean jarri zenuen; bigarrena ekainean, Leitzan. Euskal Herria Mendi Erronka irabazi ostean, Eneko Aliende selekzioko entrenatzailearen deia jaso zenuen, ezustean?
Ustekabe handia izan zen karrera irabaztea, eta are handiagoa Enekoren deia. Ez dut hau guztia bilatu, ez naiz honetarako prestatu. Etorri hala hartu dut. Arraroa da guzti hau, surrealista.

Lau hilabeteren buruan Espainiako Kopako garaikurra etxera.
Sinistu ezinik nago, uste dut oraindik ez naizela kontziente gertatutakoaz.

Errekor hitza ere aipatu dute.
Bai, Beriaingo bertikalean 50 minututik jaitsi nuen denbora. Aurten ibilbidea aldatu egin dute, beraz, egia den gauza bakarra da ordura arte 50 minututik beherako marka ez zuela inork egin da.

Zer nahiago, mendian gora ala behera?
Gora, noski. Aldapa behera ikasten nabil, pixkanaka, baina oraindik ikasteke daukadan ikasgaia da.

Gustuko bidean aldaparik ez, beraz.
Hori da, ahalik eta aldapa gehiago, hobe. Maldan behera datorkit estutasuna.  Tentsioan izaten dut gorputza eta gehiago nekatzen naiz.

Etorkizunera begira bide honetan jarraitzeko asmotan?
Printzipioz bai. Ez dut presiorik jasan, denek ondo pasatzeko esaten didate. Ni naiz nire burua presionatzen duena. Inoiz ez naiz lehiakorra izan, orduan, hori neurtu behar dut.

Zeintzuk dira ate joka dituzun lasterketak?
Urriaren 13an Italian Munduko Kopako azken lasterketa daukat. Lau korrikaldiz osatzen da, eta orain artekoetan parte hartu ez dudanez, ez dut ezer ere ez jokatzen. Probatzera noa, gozatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!