Mendian eta errepidean, Ibarran kirolariek herria hartu dute

Ataria 2013ko irailaren 17a

Larunbatean eta igandean kirol probak egon dira Ibarran. Herenegun, San Bartolome Sariaren 32. edizioa jokatu zen, eta bezperan, III. Ibarrako Duatloia.

Jubenil mailako txirrindulari proban, Jeyson Manuel Cortes izan zen azkarrena. Helmugara Jon Madariaga eta Iker Gurutzalderen aurretik iristea lortu zuen Cortesek. Hauen atzetik, 60 txirrindulari gehiagok amaitu zuten 75 kilometroko proba. Gipuzkoako federazioaren datuen arabera, 14 izan ziren helmugara iristea lortu ez zutenak. Irabazleak ibilbidea egiteko, bataz beste, 48,21 kilometro orduko abiadura lortu zuen.

Lasterketa gorabeheratsua izan zen. Lehenik eta behin, txirrindulariek geldirik egon behar izan zuten denbora luzez, eta ondoren, Amarotzen izan zen istripua medio, ibilbideak oztopoak izan zituzten. Kirol mailan, eskualdeko txirrindulariek gogotik egin zuten lan. Xabier San Sebastian tolosarra adibidez, ihes eginda ibili zen, baina tropela atzean uztea ez zuten erabat lortu. Amaieran, Limousin Cartonajes taldeko Jon Madariaga altzotarra bigarren iritsi zen, eta talde bereko Mikel Matxinea berastegiarra bosgarren.

III. Mendi Duatloia

Sendi Ekintza elkarteak antolaturiko Ibarrako III. Mendi Duatloia larunbatean jokatu zen. Olatz Odriozola izan zen ibilbide luzea egin zutenen artean, emakumerik azkarrena. Gizonezkoetan, berriz, Luis Mari Urizarrek irabazi zuen proba. Aipatu, Ibarrako saioarekin abiatu dela Euskal Herriko mendi duatloien zirkuitua.

Ibarrako proba luzean 5,78 kilometro egin zituzten lasterka; ondoren, bizikletaz 15 kilometro; eta, amaitzeko, 2,89 kilometro berriro ere lasterka.

Proba laburrean 14 urtetik 16 urtera bitartekoei ere aukera eman nahi izan zitzaien aurtengo edizioan, eta hauek, gainontzeko lasterkariekin batera, ibilbide luzearen erdia osatu zuten. Lasterketa honetan azkarrenak Luis Mari Garikano eta Priscilla

Mappas izan ziren. Aipatzekoa da, azkenik, 7 eta 13 urte artekoek ere aukera izan zutela duatloian trebatzeko, goizean egindako zirkuitu berezi batean.

Antolatzaileak oso gustura agertu dira larunbateko egunarekin: «Balantzea oso positiboa da, bai goizekoa eta baita arratsaldekoa ere. Proba nagusietan 140 partaide irten ziren, eta haurrenean 73. Horrek gurasoak, jaia, ilusioa... suposatzen ditu, eta asko balio du».

Horrelako kasuetan, antolatzaileentzat albisterik onena arazorik, lesiorik edo kolperik ez izatea izan ohi da, eta alde horretatik ere, gustura agertu dira mendi duatloiaren antolatzaileak, guztia «oso ongi irteteaz gain, kritika onak entzuten ari baikara».

Ibarrako proba finkatzen doa, eta kirolariek euren egutegian markaturik dute. Herrian ere gorpuzten doan egitasmoa da, eta parte hartzaile ibartarren zenbakia horren isla da. Horrez gain, atzean lanean dabiltzanak aipatu behar dira: «Lau edo bost laguneko lantalde bat gaude, baina gero, egunean bertan edo aurretik, jende gehiago ibiltzen da. Guztiak gustura ibili daitezen saiatzen gara, bai txirrindulariak eta baita boluntarioak ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!