Euskal Herriko Zirkuituari hasiera emango dio bihar, Ibarrako III. Mendi Duatloiak

Ataria 2013ko irailaren 13a

Pasa den urteko probaren une bat.[/caption]

Mendi duatloia hartuko du hirugarren urtez Ibarrak, bihar arratsaldean. Sendi Ekintzak eta Ibarra Kirol elkarteak antolatzen duten probak, berrikuntza moduan, adin tarte guztiek parte hartzeko aukera zabalduko du aurten. Proba 16:00etan hasiko da Ibarrako plazan.

Bi proba desberdindu dituzte, bata luzea, eta bestea herrikoia. Luzean parte hartuko duten kirolariak 16 urtetik gorakoak izango dira, eta 16:10etan irtengo dira. Horiek pasa den urteko ibilbidea osatu beharko dute: lehenendabizi 5,78 kilometro egingo dituzte lasterka; ondoren, bizikletaz 15 kilometro; eta, amaitzeko, 2,89 kilometro lasterka. 14 urtetik 16 urtera bitartekoek parte hartzeko aukera jarri dute aurten. Horiek 16:00etan irtengo dira, eta proba luzearen erdia egin beharko dute.

Pasa den urtean Jon Erguin beasaindarrak irabazi zuen, bigarren Unai Yus gasteiztarra izan zen, eta hirugarren, Luis Mari Irizar billabonatarra. Bi emakumek hartu zuten parte, eta batek lortu zuen amaitzea, Amaia Luquin errenteriarrak. Lehen ibartarra, aurreko urtean bezala, Luis Lasa izan zen. Juan Zubia antolatzaile taldeko kideak adierazi duenez, oraindik euren parte hartzea zehaztu gabe dagoen arren, aurten ere maila handiko kirolariak izatea espero dute. «Hala ere, kirolari orori dago irekia proba, eta denak animatzen ditugu parte hartzera», adierazi du.

Hala, lehenengo probak 125 parte hartzaile izan zituen, eta iazkoak 142. Aurtengorako, berriz, 70 lagun inguruk eman dute aurrez izena, eta pasa den urteko kopuru antzekoa izatea espero dute. Aurtengo parte hartzaileei dagokionez, ibartarren kopurua azpimarratu du Zubiak: «Ibarrako 20 pertsona inguruk dagoeneko eman dute izena; gainerakoan, gehienak gipuzkoarrak izaten dira, baina Gipuzkoaz kanpoko askok ere parte hartzen dute».

Izena ematea errazte aldera hainbat modu jarri dituzte aurten. Sarean egin daiteke (www.mendiduatloia.com), mahaiak jarri dituzte Ibarrako plazan, eta egunean bertan izena emateko aukera dago. Prezioan bada alderik, baina, izan ere, aurrez izena emateagatik 15 euro ordaindu behar da, eta egunean, 20 euro.

Ikusmin handia piztu du probak aurreko urteetan, eta herritar ugari hurbildu da plazara ikustera eta kirolariak animatzera, giro polita sortuz. Bada, aurtengoan, «giro on horrekin jarraitzeko» parrilada egingo dute sari banaketarekin batera, sagardo kupel eta guzti.

Bestalde, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan kokatzen da Ibarrako proba. Hain zuzen ere, Ibarrako lasterketarekin emango zaio hasiera zirkuituari. Orotara, 10 proba izango dira, eta abenduaren 1ean Zubietan egingo denarekin bukatuko da. Eskualdean ere izango da beste probarik, Amasan, azaroaren 3an. Proba guztietan batzen diren puntuetatik erabakiko dira irabazleak, eta aurten, baldintza moduan, proba guztietan parte hartzea jarri dute antolatzaileek.

Gaztetxoentzat, goizean

Egun osoan izango da bihar duatloia Ibarran. Izan ere, 7 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat, 11:00etan jarri dute proba antolatzaileek. Parte hartu nahi dutenek hasi baino lehen azaldu beharko dute plazara, eta ez dute ordaindu beharrik izango. Iazko proban 50 neska-mutil aritu ziren lasterka eta bizikleta gainean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!