Izaskun izena dutenen bilgune izango da Ibarrako Izaskun auzoa igande honetan. Urtero iraileko hirugarren igandean egin ohi duten moduan, Uzturreren magalean bilduko dira egun pasa polita egiteko.
Eguerdian, toka txapelketa egingo dute, eta jarraian baselizan meza izango dute. Mezaren ostean, Izaskun jatetxera joango dira bazkari legea egiteko. Musika ere izango dute lagungarri, Iñigo Perurena izango baita bertan, giro alaia zabaltzeko eta dantzarako gonbita eginez. Izaskun izena izan eta festa berezi honetan parte hartu nahi dutenek 943 67 59 27 telefono zenbakira deitu beharko dute. Etzi, larunbata, izango da izena emateko azken eguna.
Duela hamabost urte hasi ziren Izaskun izena dutenen festa antolatzen. «Arrate eta Arantzazu izenekin egiten zuten, eta gu ere hastea pentsatu genuen», dio Izaskun Elola antolatzaileak. Inguruko herrietakoak dira parte hartzen dutene gehienak, baina, badira Goierritik edota Bizkaitik ere etortzen direnak. Egun polita igarotzen dutela nabarmenduz, izen hori daramaten guztiak animatu dituzte antolatzaileek