Ibarrako Euskal Herria kaleko 18 zenbakiko etxebizitzak egun batzuen buruan pasako dira hutsak egotetik, bizia hartzera. Izan ere, egin berri du udalak zuzkidura etxebizitzen zozketa, eta 32 etxebizitzak bizilekutzat izango dituzten ibartarren izenak zehaztu ondoren, datorren abuztuaren 1etik aurrera izango dute bertan bizitzen jartzeko aukera.
53 ibartarren eskaera zegoen, eta onartuen zerrenda 50ek osatu zuten azkenean. Horiek izan zuten etxebizitza horietako bat egokitzeko aukera. Etxebizitzak, berriz, hiru motatakoak ziren: bi etxebizitza ezintasunen bat dutenentzat, beste bi seme-alabak edo adinekoak euren kargura dituztenentzat, eta gainerako 28ak gela bakarrekoak. Bada, ezinduentzako eskaerarik egon ez denez, 28 horiekin batera zozketatu ziren azkenean. Bi gelako etxebizitzetan, berriz, hiru hautagai izan ziren. Zozketaren unean parte hartzen zutenen lagun eta familiakoen artean, 80 lagun inguru bildu ziren eraikinaren beheko solairuan, eta poza eta tristura trukatu ziren, etxebizitza egokitu zaien eta ez zaienen artean. Egokitu zaienek bost urteko epean alokairuan bizi ahalko dira etxebizitza horietan.
Etxebizitzak hornitzen
18 urtetik 35 urte bitarteko ibartarrek zuten zozketan parte hartzeko aukera. Hain zuzen ere, gazteei zuzenduriko etxebizitzak izatea izan da udalaren nahia, «estreinakoz gurasoen etxetik ateratzera doazenentzat». Etxebizitzak egokitu zaizkien ibartarren batez bestekoa begiratuta, 27 urtekoa izan da.
Horiek aurrekontratua sinatu dute, eta abuztuaren 1etik aurrera bertan bizitzen jarriko dira. Aurreko egunak, etxebizitzak hornitzeko baliatuko dituzte, dagoeneko guztiek giltzak baitituzte. «Altzariak jartzeko neurriak hartzeko aukera dute, esaterako», azaldu dute udaletik.
Bestalde, udaletik adierazi dutenez, «oso pozik» daude zozketarekin, eta oro har etxebizitzen prozesuarekin: «Udalarentzat azken urteetan lehentasuneko proiektua izan da, horregatik gogotsu ginen gazteez osaturiko eraikina betetzen ikusteko». Udalak, gainera, proiektu aitzindaria dela nabarmendu du: «Lurraldean hiriburua kenduta, gisa horretako lehen proiektua da Ibarrakoa, beraz, garrantzitsua da».
Bost urte barru
Ibarrako bizilagun horiek bost urteko gehienezko epean biziko dira Euskal Herria kaleko 18ko eraikinean. Bost urteak igarotzean beste prozesu bat jarriko du martxan udalak maizter berriak aukeratzeko. Bost urte horiek baino lehenago etxeren bat hutsik geratuz gero, itxaron zerrendara joko luke udalak, eta bertan lehen postuan dagoenak izango luke etxebizitza horretara bizitzera jotzeko aukera. Hori bai, kontuan hartu behar da itxaron zerrenda bi urteko epean izango dela baliozkoa. Beraz, egin berri den zozketan etxebizitzarik egokitu ez zaionak aukera izan lezake, bai epe motzean, bai eta bost urte barru ere.
1ibarraldea@hitza.info