Aitor Arevalo izango da Lauburu Ibarrako entrenatzailea

Ataria 2013ko uztailaren 2a

Aitor Arevalo izango da Lauburu K.E. Ibarra taldeko entrenatzailea datorren denboraldian. Billabonatarrak Txubel ordezkatuko du, iaz Bigarren Nazional mailara igoera lortu ostean.

Txubel eta Arevalo[/caption]

Arevaloren gaztetasuna –25 urte ditu– ez dator bat areto futbolaren munduan duen esperientziarekin. Izan ere, bigarren mailako areto futbol entrenatzaile titulua lortu ondoren, Ernio Orbea BHI taldea zuzendu zuen 17 urte zituela. Lau urtez izan zen bertan, 2009-2010 denboraldian hirugarren mailako Transportes Lakunza taldeak fitxatu zuenera arte.

Hurrengo denboraldian Debabarrena taldeko bigarren entrenatzaile izateko eskaintza onartu eta orain artean izan da horretan. Azken urte honetan, gainera, elgoibartarren bigarren taldeko entrenatzaile ere izan da. Horrez gain, Gipuzkoako Jubenilen Areto Futboleko hautatzailea da.

‘Txubel’ ordezkatuz

Hamarkada batez taldearen buru izan den Juan Pablo Zubelzu Txubel-ek utzitako hutsunea beteko du Arevalok. Azken urteotan lanarekin uztartzeko zituen arazoak medio, entrenatzaile kargua uztea erabaki du Zubelzuk. Klubak, eskerrak eman nahi izan dizkio «urte hauetan egindako lan onagatik», tartean bi liga irabazi baititu talde ibartarrak.

Hemendik aurrera, administrazio lanetan aritzeaz gain, Txubel jubenilen taldeko entrenatzaile izango da. Hainbat urtetan talderik gabe egon ostean, jubenilek aurten berriro ere taldea izango dute. Pasa den ostegunean izan zen lehen hautaketa fasea, eta prestatzaileak «oso pozik» agertu dira, guztira 21 futbolarik parte hartu baitute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!