Uztailaren 4an egingo dute, gazteen etxebizitzen zozketa

Ataria 2013ko ekainaren 28a

Datorren ostegunean, uztailaren 4an egingo dute Euskal Herria kaleko 18an kokaturiko gazteentzako etxebizitzen zozketa. 19:30ean hasita egingo dute, eraikinaren beheko lokalean, eta ondoren etxebizitzak ikusteko aukera izango da.

Ibarrako gazteentzako alokairuko zuzkidura etxebizitzen onartuen eta baztertuen zerrenda iragan maiatzaren 21eko gobernu batzordean onartu zuten. 32 etxebizitza dira orotara. Bi etxebizitza ezintasunen bat dutenentzat dira, baina, kasu honetarako ez da eskaerarik izan. Beste bi etxebizitza seme-alabak edo adinekoak euren kargura dituztenentzat dira. Horiek bi gelakoak dira, eta kasu honetarako hiru eskaera izan ditu udalak. Gainerako 28 etxebizitzak gela bakarrekoak dira, eta hauetarako 53 eskaera izan dira.

Zozketa bidez etxebizitzaren bat egokitzen zaien ibartarrek bost urtera arteko epean izango dute bertan alokairua ordainduta bizitzeko aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!