Aimar Odriozola ibartar dantzaria[/caption]
Aimar Odriozola ibartarra dantzan ikusten duen edonork nabaritzen du berehala 13 urteko mutiko honek zerbait berezia baduela. Dantza gustatzen zaiola eta sentitzen duela erakusten du, eta dantzaren bidez sentiarazi egiten du hura ikusten ari dena. Berriki Aurresku Txapelketa irabazi du, eta Ibarrako Alurr dantza taldearekin Uztartuz lana estreinatu du. «Oso pozik» dago dantzaren munduan irekitzen ari den bidearekin, eta oraindik gaztetxoa den arren, argi du bide horretan luzaroan eman nahi dituela pausoak.
Ez da Aurresku Txapelketa irabazi duzun lehendabiziko aldia.
Lau txapelketatan aurkeztu naiz eta bi irabazi ditut. 9 urterekin aurkeztu nintzen lehenengoz txapelketan, eta irabazi egin nuen. Bigarrenean bigarren geratu nintzen, hirugarrengoan hirugarren, eta laugarrengoan, hau da, azken honetan, irabazi egin dut. Oso gustura nago lortutakoarekin.
Norbaiti eskaini al diozu saria?
Txapelketa guztietan laguntzen egoten direnei eskaini nahiko nieke: nire irakaslea Iñaki Agirre, Alurr dantza taldeko Eli Nosellas eta nire gurasoak. Astebururo herriz herri izaten ditut alboan, eta hori eskertzekoa da. Beraiei esker irabazi dut saria.
Iragan asteburuan Lasarten ‘Uztartuz’ ikuskizun berria estreinatu zenuten Alurr dantza taldearekin.
Esperientzia berria zen niretzat, eta oso ona izan da. Ondo irten zen dena, beraz, oso pozik gaude. Orain arte ohiko dantzekin aritzen nintzen, eta orain berriz, ikuskizun berezi honetan parte hartzea egokitu zait. Espero dut beste hainbat herritan erakusteko aukera izatea.
Herrian estreinatzeko irrikaz al zaude?
Nire eta taldearen ilusioa bazen Ibarran estreinatzea. Baina, presio handiegia izango zelakoan gure herritik at estreinatzea hobe zela ikusi genuen. Abuztuan eskainiko dugu Ibarran, herriko jaietan.
Noiz hasi zinen dantzan?
4-5 urte nituela hasi nintzen.
Eta nolatan?
Txikitatik asko gustatu izan zait dantza egitea. Sentitu egiten dut. Nire bi arrebek dantza egiten zuten, eta ni ikustera joaten nintzen emanaldiak eskaintzen zituzten lekuetara, eta dantza eskoletara. Amak dantzan ikusi ninduenean esan zuen dantza eskoletan hasi behar nuela segituan. Lau urte bete nituenean, dantza eskoletan hasi nintekeenez, izena eman eta ikasten hasi nintzen.
http://www.youtube.com/watch?v=lYkUZr4I5oc&list=UUe9bpxTJJ7W-rTezcu-NiqA&index=11
Berehala zu baino helduagoekin jarri zintuzten.
Musika instrumentuak ere jotzen ditut, eta dantza entseguekin batera egokitzen zitzaidanez egunez aldatu eta helduagoekin jarri ninduten, eta talde horrekin jarraitzen dut gaur egun.
Balleta ere ari zara ikasten.
Arrebaren ballet emanaldi bat ikustera joan nintzen, eta Alurr dantza taldeko helduetako batek esan zidan beti izan duela balletean lehenago ez hasi izanaren pena, eta hastera animatu ninduen. Bada, hasi egin nintzen, eta gaur egun oso gustura nago.
Balleta eta euskal dantzak ondo uztartzen al dira?
Dantza guztien oinarria balleta dela esaten da. Ondorioz, balleta ikasiz gero, eta oinarri hori hartuta, euskal dantzak nahiz beste dantzak egiteko erraztasun handiagoa duzu. Teknika ematen dizu, eta gorputza ondo mugitzen eta kontrolatzen erakusten du. Dantza gustatzen zaien guztiei gomendatuko nieke balleta egitea.
Etorkizunean dantzarekin lotuta ikusten al duzu zure burua?
Nik argi dut dantzari izan nahi dudala. Dela ikuskizunak eskainiz edo dantza irakasle moduan, dantzatik bizi nahi dut.
Gurasoek zer esaten dizute?
Dantzaz gain ikasketak egitea eta bestelako formazioren bat izatea garrantzitsua dela. Ikasketak egingo ditut, baina dantzatik biziko naiz.
Ez dirudi erraza gaur egun dantzatik bizitzeak.
Ez. Gainera, bizi dugun egoeran are eta zailagoa da. Baina, gogor saiatuz gero lortuko dut zeozer egitea.
Bereziki gustatzen zaizun dantzariren bat?
Alurr dantza taldean bertan badira asko gustatzen zaizkidanak. Guztiek esaten didate parekotasunak ditudala Aiert Beobide irakaslearekin. Bera irakaslea eta dantzari profesionala da, bere bizitza gustatzen zait, eta espero dut ni ere maila horretara iristea.
Ondo dantzatzeko gakoak?
Egiten ari zarena gustatzea, eta esfortzua, hau da, lan egitea eta eskoletara joatea. Baina, batik bat, dantza gustatzea eta sentitzea direla gakoak esango nuke.
Ikasi egiten da ala jaio egin behar du dantzariak?
Ikasi egiten da, baina ez bazara horretarako jaio, zaila da. Nire kasuan, esaterako, jaio egin naizela esango nuke.