Ibarrak liga billabonatarren laguntzaz irabazi du

Ataria 2013ko maiatzaren 21a

Hirugarren mailako areto futbol txapelketa asteburuan amaitu zen. Azken partidan erabaki zen liga, eta hor, Ibarrako taldeak Villabonako Egintzaren laguntza izan zuen. Azken jardunaldira, ibartarrak bigarren postuan iritsi ziren, 68 punturekin. Gasteizko aurrera, 70ekin, lehen postuan zegoen. Liga irabazteko faborito argiak, beraz, arabarrak ziren. Gasteiztarrei, ordea, dena aldrebes irten zitzaien.

Ibarrak etxean erraz irabazi zion Santurtziri, 7-2ko emaitzarekin. Liderraren partidaren faltan, behin behinean sailkapen nagusiko lehen postuan jarri ziren moreak. Santurtzik etxetik kanpo jokatzen zuen, Villabonan hain zuzen ere. Egintza aurretik jarri ziren 3-1eko markagailuarekin, eta gasteiztarrak urduritasunak gainditu zituen.

Erreakzionatzen saiatu arren, partida 5-5 amaitu zen. Puntuen galerak ligaren galera ekarri zuen Aurrerakoentzat, ibartarren zorionerako.

Igo edo ez igo

Denboraldia indartsu hasi zuen Ibarrak, eta lehen itzulian jaun eta jabe izan ziren. Beherakada tartean etorri zen, lortutako puntu errenta galtzerainoko txakalaldia hain zuzen ere. Azken txanpan, hasierako sentsazioak berreskuratu zituzten moreek, eta bigarren postua txiki gelditu zitzaien azken jardunaldian. Txubel entrenatzailea «oso gustura» agertu da bere mutilekin: «Ezustekoa izan da, ez baikenuen euren emaitza horrekin kontatzen. Egintza sailkapenean beheran dagoen taldea da, eta horrek areagotu egin du ezustekoa. Denboraldia, oro har, oso ona izan da; gazteek bikain erantzun dute, eta orain ikusi egin beharko da».

Hirugarren mailan lehen postuan amaitzen duen taldeak bigarren B mailara igotzeko txartela eskuratzen du zuzenean. Iaz, Ibarrak lortu zuen eskubide hori, baina arrazoi ekonomikoak medio, salto egiteari uko egin zioten. Aurten, egoera ez da hobetu, baina hala eta guztiz ere, lehenik eta behin jokalariekin hitz egin behar dela dio Txubel-ek: «Hurrengo astean hasiko gara horretaz hitz egiten, baina ez da erraza izango. Zuzendaritzan bi kide besterik ez gaude; hainbat jokalari lanean hasi dira, erreleboetan eta abar; denboraldia luzea izaten da... Erabaki horren atzean gauza asko daude, eta gakoa jokalariak eurak dira, igotzearen aldeko apustua egiten baldin badute, saiatu daitekeelako lantegi horretan».

Entrenatzaileak berak jarraitzeko gogoa duela iragarri du, nahiz eta berarentzat ere urte gogorra izan den: «Entrenatzaile tituloa ateratzen ibili naiz astelehenero eta larunbatero klaseetara joanaz. Gero lana dago, entrenamenduak, partidak... Gogorra izan da, baina jarraitzeko ilusioarekin nago».

Ospakizunen garaia da orain, eta aurrera begira jartzeko unea iritsi, iritsiko da. Gozatzeko arrazoiak ugari dituzte, eta datuak begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: «Gol gutxien jaso dituen taldea izan gara; gehien sartu dituztenen artean bigarrenak gaude, eta partida gutxien galdu dituen taldea gara».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!