Aitor Gonzalez Ibarrako PSE-EEren zinegotziak adierazi duenez, Bilduk «hondakinen zirkulua koadratu nahi du parte hartze prozesu bat iragarriz, baina ez bizilagunek zein bilketa sistema nahi duten erabakitzeko, ez azkenean inposatuko den atez atekoa zein modutakoa izatea nahi den erabakitzeko». Bere ustetan, bosgarren edukiontzia «ez da aukera bat» Bildurentzat.
Gonzalezek bestalde, «informazio falta» salatu du: «aurrekontuek 78.000 euro aurreikusten dituzte, baina atez ateko hondakin sistemaren ezarpenaren kostuak zeintzuk izango diren azaltzen duen dokumenturik ikusi gabe jarraitzen dugu, sistema berria jartzen denean, hondakin bilketaren tasa zenbat igoko den ez dakigun bezala».
PSE-EEren zinegotziaren arabera, «Bildu hondakinen gerrarekin hasi aurretik, birziklatzea modu sendo eta jasangarrian goraka zihoan eta jendea kontzientzia hartzen ari zen, inolako derrigortzerik gabe». Bere ustez,
baina, «herritarren arteko kontsentsua desegin zutenetik, birziklatzeak prestigioa galdu du, eta zerbait irreala izatera pasatu da, euren estatistika fantasiatsuei esker».
Atez ateko hondakinen bilketa sistemaren inguruan emandako datuak «ingurugiro espekulazio hutsa» direla esan du Gonzalezek: «Hori argi ikusiko da Garbitaniaren burbuilak euren 'txintxilikailu' batean zulatzen direnean».