Gutuna: Ibarrako Udaleko Bilduk, Aitor Gonzalezi

Ataria 2013ko maiatzaren 7a

Prentsa bidez, Aitor Gonzalez sozialisten udal taldeko bozeramaileak bere babesa eskaintzen dio atez atekoaren aurkako plataformari. Hitz jarioa erabiltzen du mozorro gisa, bere helburua plataforma horren babesean irabazi politikoren bat lortzea besterik ez dela estaltzeko; hitz jarioa erabiltzen du, zehazgabetasun eta gezurrez betea, besteak beste alkateak «atez atekoa bai ala bai inposatuko zuela» dioenean bezala. Herritarrek jakin bezate alkate honek ez duela inoiz horrelakorik esan, ikusi bestela osoko bilkurako akta.

Udala datuak ezkutatzen ibili dela dio; horrelaxe botatzen du, ezer frogatu eta zehaztu gabe, bestelako datu eta oharrik gehitu gabe; hori horrela botatzeak bazterrak nahastea eta zikintzea beste helbururik ez dauka. Udal honek hainbat hitzaldi ireki antolatu zituen gai honen inguruan, hain zuzen ere, iazko maiatzaren 23an eta 24an; era berean, ostalari eta merkatariekin ere bilera ireki bat antolatu zuen, eta aukera izan zuten zuzen zuzenean entzuteko atez atekoa dagoen herrietako gremiokideen esperientzia.

Esan du alderdi abertzaleak (1.331 boto udal hauteskundeetan, ez 1.100 Gonzalezek dioen moduan) erabaki hau hartu duela auskalo zer interesengatik. Hementxe gogoratuko diogu gure programan zer jarri genuen: proiektuak edo programak garatzea hondakin gutxiago sortzeko, birziklatzeko eta berrerabilpena bultzatzeko, eta helburu izanik zero zabor, zabor bilketa sailkatuaren aldeko apustua egitea. Eta gaur egun badakigu zer sistemak lortzen dituen emaitzarik onenak. Eta sistema hori bat dator Europako Batasunaren zuzentarauekin eta hondakinen hierarkiarekin eta erraustearen aurka doa nabarmen; izan ere, errausteak lehengai izan daitezkeen hondakinak irensten ditu eta herritarren osasunarentzat benetako mehatxua da (ikus Madrileko Carlos III. Osasun Institutuaren txostena), halere, horren alde egiten du zinegotzi sozialistak eta sutsuki defendatu.

Esan du, era berean, sistema hau jartzeko zer aurrekontu dagoen ez dakiela. Aurrekontuak onartu aurreko Ogasun Batzordean, adierazi zitzaion 78.000 euro aurreikusten genituela, antzeko beste herri batzuen kostuan oinarrituta, baina Spora enpresaren proiektu zehatzaren zain geundela (enpresa hori kontratatu da gai honetan aholkularitza lanak egiteko eta martxan jartzeko). Sistema honek aldaera asko ditu eta bat aukeratu edo beste bat, aldaketak egon daitezke. Adibidez, autokonpostan guk espero baino askoz ibartar gehiagok eman dute izena eta hasiera batean bi gune jartzeko asmoa bagenuen ere, gehiago jarri beharko ditugu eta horrek aurrekontuetan eragina izango du. Bestalde, aurrekontuak onartzeko osoko bilkuran mahairatu zituen galderei eta zalantzei ere erantzun zitzaien eta hasiera batean ezezkoa emango zuela esan arren, azkenean abstenitu egin zen.

Nolanahi ere, zer aurrekontu dagoen jakin gabe, nola esan dezake sistema hau % 20 garestiagoa dela? Datu edo zenbakirik badu, eskertuko genioke guri helaraztea. Usurbilek emandako datuak ditugu eskuartean: 2012an, 150.000 euroko aurrezpena hondakinen bilketa eta kudeaketan. Azkenik, sozialistak birziklapenaren alde daudela dio. Hala bada, alboan izango gaituzte, Europan punta-puntakoa izango den bilketa eta birziklatze maila baten alde, herritar guztien jardute arduratsuaren erakusle izango dena, dudarik gabe.

Ibarrako Udaleko Bildu taldea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!