‘Belarmiñak’ emanaldiaren estreinako jendaurrekoa, bihar, Subegi elkartean

Ataria 2013ko apirilaren 18a

Tortura Sistematica edota Tanta musika taldeetako kide izandako Joxi Ubeda eta Lobo Electrico taldeko Iker Lopez gitarra jolea elkartu dira, eta ikuskizun berria prestatu dute. Belarmiñak izenburupean bihar aurkeztuko dute Ibarrako Subegi elkartean, 20:00etatik aurrera.

Kontzertua baino gehiago, jendaurreko entsegu gisa definitu dute egileek biharko zuzenekoa. Udazkenean hasi ziren proiektuari entseguen bidez forma ematen, eta abendutik hona maiztasun handiagoz egin dute lan. Ondorioa hamalau abestiz osaturiko zerrenda izan da, ordubete inguruko saioa: Joxi Ubeda kide izan zen Tanta eta Batzuk taldeen hiru edo lau abestiren bertsioak, eta gainerakoak proiektu berrirako sortu dituztenak.

Joxi Ubeda, eskuinean, Tanta taldeko kideekin, 2003an.

Joxi Ubeda eta Iker Lopez elkartzea ez da kasualitatea izan, aspaldiko lagunak baitira. Ubedak urte mordoa zeramatzan musikatik at, eta berriro ere «zerbait egiteko nahia» sentitzen zuen, eta Lopez ere «zerbait desberdina egiteko gogoz» zegoela azaldu du Ubedak: «Elkartu eta batera zerbait egiteko kontuaz aspaldi hasi ginen hitz egiten, eta azkenean, iaz unea zela erabaki, elkartu, eta jotzen hasi ginen». Jotzen ari zirela nolabaiteko feeling bat bazela bien artean ikusi zuten berehala: «Oso ondo komunikatzen dugu elkar, eta ondorioz, oso erraza da batera jotzea».

«Oso gustura» aritu dira, eta ari dira lokalean abestiak entseatzen, baina bertatik atera eta abestiak jendaurrean jotzeko premia sentitu dute. «Ispilu baten modukoa izaten da, jendearen aurrean abestiek funtzionatzen duten ala ez nabaritzeko aukera izaten duzu, eta hori ikusteko gogoz geunden», azaldu du Joxi Ubedak. Bada, Subegi elkartean zuzenekoa egitea proposatu zieten, eta onartu egin zuten. «Leku polita da, txikia, sabai bajukoa, toki egokia horrelako saio bat egiteko».

Bizitzaren egunerokotasunaz

Biharko emanaldira animatzen direnek, Joxi Ubeda ikusiko dute gitarra akustikoarekin eta abesten, eta Iker Lopez, berriz, gitarra elektrikoarekin eta abesten ere bai. Emanaldia «lasai, mantso eta leun jotako abestiek» osatzen dutela diote. «Bakoitza bere aldetik aritu denean, musika gogorragoa edo rockeroagoa egin dugu, eta orain beste zerbait probatu nahi genuen», dio Ubedak.

Iker Lopez, erdian, Lobo Electrico taldeko kideekin, berriki.

Emaitzarekin «oso gustura» geratu dira musikariak. Letrak, berriz, bizitzaren egunerokotasunetik atera dituzte. «Gure kezkak, sentimenduak eta emozioak azaltzen dira, ikusten dugunaz abesten dugu».

Hori guztia batu dute Belarmiñak izenburupean. Sendabelar bati egiten dio erreferentzia izenak, baina ez dute adiera zehatz horregatik hautatu. «Belarrira ondo jotzen zuen, gustatu eta hori aukeratu genuen».

Ibarrakoa estreinako jendaurrekoa da, eta horregatik, proba modukoa ere izango dela uste dute: «Jendearen erantzunaz jabetuko gara eta zer geratu den ondo eta zer gaizki ikusiko dugu, zer kendu eta zer hobetu jakiteko». Beraz, ondoren emanaldia borobilduz eta finduz joango dira. Ibarrakoaren ostean etorriko denak ez ditu gehiegi arduratzen, «asmo handirik gabe sorturiko proiektua» baita Belarmiñak: «Kontzertu gehiago ateratzen badira ondo, baina erotu gabe, ez baita hori gure helburua», azaldu du Ubedak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!