Ingurumenaren gaian, beste gai askoren artean, kontzientzia izatea edo irabaztea eta koherente izatea, zaila eta kontraesanez betea izaten da askotan. Gogoan dut orain hamasei bat urte, hamalau urte nituela edo, Ibarrako Kultur Etxean AHTaren aurkako asanbladaren hitzaldi batean izan nintzela edota Ibarrako Gazte Asanbladatik auzolanean herriko erreka garbitu genuela edota egin nahi zuten bialaren aurka mobilizatu eta berau ez egitea lortu genuela. Urte hauetan guztietan, AHTaren aurkako mobilizazioetan parte hartu dugu, ibilbide laburretan bizikletaz mugitu gara, garraio publikoa erabili dugu, bertako produktuak kontsumitu ditugu (garraio distantzia gutxiago, CO eta CO2 gutxiago kontsumituz…). Gehiago egin genezakeen, garraio pribatua gehiegi erabili dugu, goizetan dutxa laburrago bat hartu, bertako produktu gehiago kontsumitu, kontraesanak azken batean.
Mundu mugatua dugu eta euskal herritarrok bi mundu beharko genituzke egiten dugun oinatz ekologikoa tarteko. Gure ondorengoei gaur egun duguna gutxienez uzteko betebehar etikoa dugu. Hondakinen arloan ere, aspalditxotik birziklatu dugu; ez nahi adina, ezin izan dugulako, baina bai ahal genuena. Beti ere ez, hor beste kontraesan bat.
Errauste planta egin behar zutela jakin genuenean, nahiko urrun sumatu genuen, gure inguruan egin behar balute beste kontu bat izango balitz ere. Errauste planta, izugarrizko aurrekontua duen eta guztiz kutsakorra den munstroa. Gero eta zabor gehiago behar duena errentagarria izan dadin. Horrek ez al digu axola? Urteetan zehar, hondakinen arazoaren aurrean begiak itxi ditugu eta dagoeneko arazoa hemen eta orain dugu.
Bakoitzaren kontzientzia eta koherentzia non dagoen bakoitzak jakingo du. Nire uste apalean, askok eta askok ingurumenaren arazoen inguruan ezikusiarena egin dute eta orain esfortzu txiki bat eskatzen zaienean eskuak burura eraman eta berekoikeriz jokatzen ari dira. Birziklatzearen alde denok omen gaude, praktikan urte hauetan guztietan oso gutxik birziklatu dugu. Bosgarren edukiontzia alternatiba bezala aurkezten dute, egon den herrietan emaitza kaskarrak eman baditu ere. Arrazoi gutxi eta ke asko!
Bakoitzak jakingo du zer egiten duen. Gutxienez informatu, aukera guztiak baloratu eta orduan aukera horren alde jokatzea proposatzen dizuet. Nik, neure kontraesan guztiekin egin dut aukera, auzokonposta eta atez ateko bilketa sistema da gipuzkoarrentzat eta euskal herritarrentzat onena. Behingoagatik, alternatiba erreal bat dugu mahai gainean, Europak ere babesten duena. Guregatik, gure munduagatik eta gure ondorengoengatik, izan kontziente eta koherente!
Mikel Ozaita. Ibarra.