Gazteentzako etxebizitzetan izen emateko aukera irekitzear

Ataria 2013ko apirilaren 5a

Ia amaitzear dira gazteei zuzenduriko etxebizitzen obrak, eta Ibarrako Udalak datorren astean zabalduko du izena emateko epea. Hain zuzen ere, apirilaren 10etik maiatzaren 10era bitarte izango dute etxebizitza horietara bizitzera joan nahi dutenek izena emateko aukera.

Interesatuek dokumentazio guztia (inprimakiak, araudia…) udaletxeko harreran nahiz gizarte zerbitzuetan, kultur etxean edota ibarrakoudala.net webgunean eskuratu ahalko dute. Maiatzaren 10a baino lehen entregatu beharko dituzte inprimakiak udaletxean edota kultur etxean.

Bestalde, Ibarrako Udalak herritarrei erakutsi nahi dizkie etxebizitzak, eta adierazi dutenez, lanak bukatzen dituztenean izango da horretarako aukera.

32 etxebizitza izango ditu eraikin berriak. 28 etxebizitza 33 m2ko azaleradunak izango dira, eta logela, sukalde-egongela eta komuna izango dituzte. Bi etxebizitzak 46 m2ko azalera izango dute, eta bi logela, sukalde-egongela eta komuna dituzte. Gainerako biak mugikortasun urritasuna duten herritarrentzat zuzenduak izango dira. Sukaldea eta komuna hornituta izango dute, eta gainerako gelak hutsik egongo dira, hau da, altzaririk gabe. Etxebizitza guztiek dute trastelekua, sotoan, eta garajea, berriz aukeran. Garajea ere nahi dutenek 60 euro ordaindu beharko dute hilean.

18 eta 35 urte bitarteko herritarrek dute etxebizitza hauetara bizitzera joateko aukera. Ibarran erroldatuta egon behar dute, edota azken hamar urteetan erroldatuta egondakoak izan behar dute, diru sarrerak 3.000 eurotik 39.000 euro bitartekoak izan behar dute, eta ez dute etxebizitzarik jabetzan eduki behar. Alokairuan esleituko dira, 5 urterako, eta epe hori gaindituta, etxebizitza utzi beharko da. Alokairuagatik diru sarreren araberako kanon bat ordainduko da, 150 eurotik hasita.

Eskualdean gisa honetako lehen ekimena da, eta Gipuzkoan Donostian baino ez da horrelakorik ezagutzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!