Gutuna: "Zorionak, EAJ"

Ataria 2013ko apirilaren 5a

Zorionak diot azkenik mobilizatzen hasi zaretelako. Kalean pankarta hartu eta protesta egiten ikusi dut EAJ-ko jendea. Baita sinadurak biltzen ere! Atez atekoa ez duzue gustuko. Oso sistema garesti eta zikina omen da. Zuek, errauste planta nahiago duzue. Orain, zabor poltsak balkoietan zintzilikatzeko deialdia egiten duzue, Bilduren «inposizioa» salatzeko asmoz edo. Niri pertsonalki, ez dit molestatzen. Hori bai, penagarria iruditzen zait, bere burua abertzaletzat duen alderdi batek, Espainiako bandera ezartzeko inposizioaren aurrean (hau bai inposizioa, maiuskulaz), beste alde batera begiratu eta mutu gelditzea. Ez dut ikurrinarik ikusi Chelo Romeo-ren (aurreko alkatea, EAJ) balkoian, adibidez. Zabor poltsak ordea, bai. Penagarria!

Atez atekoa «inposizioa» dela diozue haserre. Baina… egun daukagun sistema, hau da, edukiontziena, nola jarri zen? Herriari galdeketa eginez? Eta zer diozue AHTari buruz? Hori bai inposizioa. Eta gainera, ez dagoen dirutik, zuek 500 milioi euro aurreratzeko prest zaudete! Zergatik ez herri galdeketa horren inguruan? Lotsa gutxi behar da orain zuek herriari galdetu behar zaiola esateko. Milaka lagun atera izan gara kalera, AHTaren inguruan herriak erabaki dezala eskatzen. Baina argi hitz eginda, zipaioen jipoiak besterik ez ditugu jaso. Jipoiak, isunak eta zenbait kasuetan, kartzela.

Dena den, eta hasieran esaten nuen bezala, zorionak eta ongi etorriak kale «mobilizazioaren mundura». Zaborrengatik bada ere!

Zuek segi zabor poltsak zintzilikatzen. Guk, geureari.

Errauste planta? Ez, eskerrik asko! Atez atekoa, auzo konposta aurrera!

Josu Balza. Ibarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!