«Denak animatzen ditut birziklatu eta konposta egitera»

Ataria 2013ko martxoaren 22a

Iñigo Yurrita Uzturpe ikastolako sukaldaria

Ibarrako Udalak auzokonposta egiteko bi gune jartzeko asmoa du, eta herritarrak animatu nahi ditu hondakin organikoa bertan botatzera. Ekimen honetan parte hartu nahi duten herritarrek martxoaren 27ra arte izango dute udaletxean izena emateko aukera. Herritar askok konpostatzen dute egun, eta horietako bat da Iñigo Yurrita, Uzturpe ikastolako sukaldaria. «Erraza» dela, «ez duela aldaketarik eragiten» eta jende guztia animatzen du birziklatu eta konposta egitera.

Nolakoa da konpostatzeko prozesua?

Egunero sukaldean pilatzen den hondakin organikoa, hala nola, berdura azalak, arrautz oskolak, edota soberan geratzen den janari apurra jaso eta astean behin edo bitan konpostagailuetan botatzen dugu. Botatzean nahastu egiten dugu aurretik botata zegoenarekin, oxigenatzeko edo, eta behin beteta dagoenean, hostoekin eta txirbilekin tapatzen dugu. Noizean behin zulo batzuk egiten dizkiogu aire pixka bat hartzeko, eta horrela konposta egin arte. Konposta egiten denean atera eta plastiko azpian gordetzen dugu, eta behar denean baratzerako erabiltzen dugu.

Ze kopurutan birziklatzen duzue sukaldean?

Sukaldean organikoarentzat ontzia dugu, plastikoarena, paperarena eta errefusarena. Beste hirurak ondo erabilita oso zabor gutxi sortzen da, eta astean behin edo bitan ateratzen dugu. Badira gauzak ezin direnak birziklatu, baina bestela, ia dena birziklatzen da.

Erraza egiten al zaizu birziklatzea eta konpostatzea?

Bai. Oso erraza da. Dena eskura izanik, ondo antolatu eta ohitura hartzea besterik ez da.

Ingurumenaren onerako dela jakinik errazago egingo da, ezta?

Bai, noski. Gainera, hau guztia ikastolaren Agenda 21 programak kudeatzen eta laguntzen du.

Etxean edonork egiteko modukoa da, beraz.

Bai. Etxean, zaborra leku batean bota ordez gehiagotan botatzea besterik ez da. Ez du inongo aldaketarik eragiten, ontzi bat edo bi gehiago gehitzea besterik ez. Jende guztia animatzen dut birziklatzera eta konposta egitera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!