Ibarrako Sokatira Taldeak Euskal Herriko bi txapel irabazi ditu Abadiñon

Ataria 2013ko martxoaren 19a

Goma Gaineko 8x8 Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren azken txanpara Ibarra oso indartsu iritsi da. Iragan larunbatean, Abadiñon, bi txapel zeuden jokoan, eta biak ibartarrentzat izan ziren. 8x8ko aurtengo denboraldia kontuan hartzen bada, Ibarrako Sokatira Taldeak guztira lau txapel irabazi ditu.

Txapelik landuena 500 kilotan lortutakoa izan zen, hiru jardunaldiko ibilbidea baitzeraman berarekin. Hiru asteburutan, Ibarra, Badaiotz eta Bizindar taldeak ibili dira nor baino nor. Tiraldiak hasi aurretik Ibarrako taldeak puntu bateko aldea ateratzen zion Badaiotzi. Horri eusteaz gain, beste puntu bateko abantaila lortu zuen Abadiñon. Badaiotzen atzetik, hirugarren postuan, Bizindar taldea sailkatu zen. Larunbateko garaipenarekin, Ibarrako emakumeek denboraldiko bigarren txapela eskuratu zuten.

Abadiñoren etxean

560 kiloko txapelketan, saio bakarreko jardunaldia jokatu zuten, eta ondorioz, ligaxka sistema erabili zen postuak finkatzeko. Tiraldi guztiak irabazi zituen Ibarrak, eta ondorioz, txapela eskuratu zuen. Bigarren postuan Abadiño sailkatu zen. Bi talde hauen arteko lehia ez zen joan den astekoa bezain ikusgarria izan. 600 kiloko finalean, Ibarrak eta Abadiñok berdindurik amaitu zuten, eta txapela kitarako tiraldietan erabaki zen. Herritarren aurrean aritu ziren ibartarrak, eta azken bi tiraldiak euren aldera eramatera lortu zuten. Azken asteburu honetan, Abadiñokoak aritu ziren euren herritarren aurrean, baina ezin izan zuten kitarakora iristerik lortu.

Larunbatean lortutako garaipenarekin, Ibarrako gizonek denboraldiko bigarren txapela lortu zuten 8x8ko modalitatean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!