Ibarrako Udalak etxeko hondakin gutxiago sortu nahi du auzolanaz baliatuta

Ataria 2013ko martxoaren 13a

Ibarrako Udalak, zero zabor politiken aldeko apustua berretsiz, auzo konposta jarriko du martxan herritarren artean. Oraingoz bi gune jartzeko asmoa du, eta parte hartu nahi dutenek udaletxera deitu beharko dute izena emateko.

Ibarrako Udaletik adierazi dutenez, hiri hondakinen gaia «arazo larri» bilakatu da, «asko sortzen delako eta gehiena nahastuta biltzen delako». Bada, udalaren arabera, «arazoa» konpontzeko lehen irizpidea prebentzioa da, «hondakinik onena sortzen ez dena delako». Horregatik, atal organikoari eman nahi diote lehentasuna, «etxeetan sortzen den hondakin nagusia delako eta zabortegietan arazo gehien sortarazten duena». Hondakin organikoak konpostatutakoan «ongarri ezin hobea» bihurtzen dela dio udalak, baina, herritar guztiek ez dutela konpostatzeko aukera.

Hori dela eta, etxean sortzen diren hondakin organikoak modu bateratuan kudeatu nahi ditu Ibarrako Udalak, horretarako eremu publiko bat egokituta. Era berean, beharrezkoa den material guztia jarri eta modu egokian egiten denaren jarraipena egingo du, «etxeko hondakin gutxiago sortzea auzolanaz baliatuta» helburu hartuta. Ekimen honetan parte hartzen duten herritarrak %40-50 inguru gutxituko dutela zaborra aurreikusi du udalak, «hondakin organikoa ez baitute zaborrontzietara bota beharrik izango».

Oraingoz auzo konpostatzeko bi gune jarriko ditu udalak, baina ekimenean parte hartzeko asmoa duen herritar kopuruaren arabera, gehiago jartzeko asmoa du. Martxoaren 27a baino lehen eman beharko da izena Ibarrako udaletxera deituta, 943 67 11 38 zenbakira, 09:00etatik 14:00etara. Ekimenean parte hartzeko Ibarran erroldatuta egotea beharrezkoa izango da, etxebizitzaren jabearen izenean eman beharko da izena, etxe bakoitzeko pertsona bat, eta antolatuko den ikastaroan parte hartu beharko da. Martxoaren 20an izango da euskaraz, eta 21ean gazteleraz. Biak kultur etxean izango dira, 19:30ean.

Ingurumena eta ekonomia

Ibarrako Udalak dioenez, auzo konpostatzea «zero zabor ereduarekin bete-betean bat egiten duen praktika da». «Hondakin organikoa ez da ez biltzen, ez garraiatzen, eta tratatu beharrik ere ez dago. Ingurumenean eta osasunean ondorio kaltegarriak ekiditeaz gain, horrelako praktikekin dirutza aurrezten da». Udalak adierazitakoaren arabera, «zabortegietara botatzen den tona bakoitzeko 140 euro ordaintzen ditu, eta, aldiz, sailkatutako plastiko, ontzi eta kartoiagatik ez du ordaintzen, baizik eta diru kopuru bat kobratzen du». «Horregatik, oso garrantzitsua da zaborra gutxitzea, horrelako proiektu komunitario edo bakarkakoen bidez, Udalak diru asko aurreztu bailezake».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!