Maialen Mujika Terapeuta
Ibarrako Bat Izan zentroak antolatuta, kinesiologiari buruzko hitzaldia izango da gaur, 19:30etik aurrera, Ibarrako Kultur Etxean. Bat Izan zentroko Maialen Mujikak nabarmendu duenez, «pertsona bezala hazten eta norbere burua gehiago ezagutzen laguntzen du kinesiologiak».
Zer da kinesiologia?
60 hamarkadan kiropraktiko batzuk konturatu ziren giharrak mugimendu ezberdinak dituela, hau da, estresatuta gaudenean era batera erantzuten dutela, eta lasai gaudenean, beste era batera. Emozionalki ongi sentiarazten zaituen ideia batekin muskulua gogor egoten da, eta zerbait tristea pentsatzen duzun unean muskulua ahulago dago. Beraz, gure inguruan gertatzen den orok eragina duela gure gorputzean esan nahi du horrek. Horrela, atal desberdinak lantzen hasi ziren, heziketaren alorra edota garunarena, esaterako. Eta, baita emozioena ere. Kinesiologian gorputza bere osotasunean hartzen da kontuan, hau da, fisikoki, emozionalki eta energetikoki. Helburua estresa askatuz gorputza oreka batera eramatea da.
Zer lortzen da horrela?
Gorputzak bere potentzial osoa izango luke %100ean, eta hori gure egunerokoan oso garrantzitsua da. Esaterako, min edo ezintasun baten bat badugu asko lagundu gaitzake. Edota, ikasketetan edo gure lanean emaitza hobeak izaten ere bai. Bizitzako alderdi guztietan du eragina. Baita eguneroko erabaki txikietan ere. Estresarik gabe gure garunak konexio neurologiko egokiagoak izango ditu, eta ondorioz gure erabakia ziurragoa izango da. Askea, baldintzatzailerik gabea.
Nola nabarmenduko zenuke kinesiologiak izan duen eragina zure bizitzan?
Ikasketetan, esaterako, asko nabaritu dut. Emozionalki, zure jarreran aldaketak nabaritzen dira, ideiak eta kontzeptuak aldatu egiten zaizkizu. Batez ere emozionalki, asko bete dit, nere burua ezagutzen lagundu dit konszientzia irekitzen, burujabetasuna irabazten. Eta horrek ziurtasun handia eman dit bizitzan. Baditugu gizarteak, erlijioak edota sistemak agindutako ideia asko umeetatik ezarriak, eta hauek ez digute libreki erabakitzen uzten. Aurreiritziz beteak bizi gara. Kinesiologiak, modu batera, ideia horiez askatzen zaitu, eta benetan sentitzen duzunarekin bat eginez bizitzen ikasten duzu.
Nola lortzen da hori?
Kinesiologia ez da soilik arazora joaten. Horrek ez du hainbesteko garrantzirik. Pertsonak helburu bat jartzen du beti. Hori oso garrantzitsua da, horrela zure intentzio guztia bideratuko baituzu helburu horretara eta ez horrenbeste arazora, gorputza orekatuz. Kinesiologiak alor askotako terapia ezberdinak hartu eta batu ditu. Fisikoki gorputzean akupunturako puntu batzuetan masajeak eginez egin daiteke, akupresura bidez, drenaje linfatiko moduko bat egin daiteke puntu batzuetan, edo ariketa fisikoak egin daitezke. Emozionalki, berriz, blokeatzen gaituzten emoziok bila ditzakegu eta hori landu. Azken batean, sikologikoki emozio bat, trauma bat edo blokeo bat daukazunean, gorputzean ere geratzen da markatuta. Zuk gorputzari mugimendu ezberdin bat ematen badiozu, burua ezberdin jokatzen hasten da. Neurologikoki, konexio berriak egitea da helburu nagusia kinesiologian, eta horrela ikasita ditugun prozesuak puskatzea eta gure gogokoak diren beste batzuk ezartzea. Zenbat aldiz gertatu zaigu gauza bat behin eta berriz errepikatzea, nahiz eta jakin ez dela ona gure buruarentzat, eta ezinezkoa egiten zaigu beste ezer egitea.
Nori zuzenduta dagoela esango zenuke?
Adin guztietako jendeari. Izan ere, guztiok ditugu lortzera iristen ez garen helburuak. Pertsona bezala hazten eta norbere burua gehiago ezagutzen laguntzen duen terapia da. Nik askotariko arazoak dituzten jendearekin lan egiten dut terapia honekin.