Ibartarrek lehen aldiz eskuratu dute garaipena, goma gaineko Euskadiko sokatira txapelketan
Lehen aldiz irabazi dute ibartarrek, 600 kiloko txapela.
Abadiñoren aurkako norgehiagoa estuaren ondoren, gizonezkoen 600 kiloko 8x8 sokatira txapelketan, Euskadiko txapela jantzi du Ibarrako sokatira taldeak. Saioa Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatu zuten, pasa den larunbatean, 140 ikusle ingururen aurrean.
Lehian, berriz, ibartarrekin batera, Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Abadiño (Abadiño, Bizkaia), Iparralde (Urduliz, Bizkaia) eta Murueta (Murueta, Bizkaia) taldeak aritu ziren.
Txapelketa honetan ohikoa den moduan, ligaxkarekin hasi zen lehia, eta txandak zozketa bidez erabaki zituzten.
Horrela, lehen itzulian, Sokarri izan zuen aurkari Ibarrako taldeak, eta ibartarrak suertatu ziren garaile.
Bigarren itzulian, pasa den jardunaldietako sailkapeneko bi talde onenak lehiatu ziren; Ibarra eta Ñapurrak, alegia. Bi tiraldiak ibartarrek irabaziaz, Ezpeletako taldeak txapela eskuratzeko aukerak galdu zituen, Abadiñoren aurkako tiraldia ere galdu egin baitzuten. Gauzak horrela, Abadiño eta Ibarra bilakatu ziren, txapela irabazteko hautagairik sendoenak.
Beren arteko lehian, Abadiñoko taldeak irabazi zuen lehen tiraldia, epaileak hiru falta adierazi baitzizkion talde ibartarrari. Bigarren tiraldia, berriz, hasiera-hasieratik Ibarraren aldera joan zen (02:00). Ligaxka horrela amaituta, kitarakoan erabaki behar izan zen, txapela eskuratzeko norgehiagoka.
Kitarakoan bi tiraldiak Ibarrako taldeak eskuratu zituen, eta nagusitasunez egin ziren Euskadiko txapelaren jabe. Lehen tiraldian, azkar eraman zuten soka beren aldera, ibartarrek, 1:14ko denboran. Bigarren saiakeran, berriz, lan gehiago egin behar izan zuten soka beren eremura eramateko, eta 2:32ko denbora osatuz, txapeldun izatea lortu zuten. Joxemi Uranga, Beñat Jauregi, Joxeluis Agirre, Haritz Ugarte, Galder Ajuria, Mikel Arsuaga, Aritz Goiri eta Lander Otermin izan ziren tiralariak.
Emakumezkoak bikain
Gizonezkoen gisa berean, bide onetik doaz Ibarrako emakumeak, 500 kilokoen 8x8 txapelketan, bigarren jardunaldiko irabazleak izan baitziren; lehen jardunaldia ere eurek irabazi zuten.
Badaiotz (Gasteiz, Araba) eta Bizindar (Artziniega, Araba) taldeak izan zituzten aurkari, eta lehen itzulia zozketa bidez erabaki eta gero, bi tiralditan gailendu zen Ibarra.
Azken jardunaldi erabakigarriari begira, puntu bateko aldea dute Ibarrako emakumeek, Badaiotz taldearekiko. Abadiñon jokatuko dute, larunbat honetan, azken saioa.