2013 urterako aurrekontua onartu berri du Ibarrako Udalak, EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJ eta PSE alderdien abstentzioarekin. Urte «zaila» aurreikusten zuten udal ordezkariek, hainbat faktorek bultzatuta, Foru Aldundiari itzuli behar zitzaion dirua kasu, erabat baldintzatutako aurrekontuak izatera behartuta egon zitezkeelako. Azkenean, baina, itzuli beharreko kopurua txikiagoa izanik, eta jaso beharrekoa zertxobait handiagoa, egoera «lasaiagoan» utzi du udala. Hori bai, udal ordezkariek adierazi duten moduan, «zuhur jokatu dugu, erantzukizunez, eta horrela jokatzen jarraitu behar dugu».
Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateak azaldu moduan, «eusten eta gastuak ahalik eta gehien murrizten» ahalegindu dira, baldintza kezkagarriak baitzetozen: «gazteei zuzendutako etxebizitzen obrak batetik, izan ere, normalean aurrekontutik gora egin ohi dute horrelako lanek; Aldundiari itzuli beharrekoa 187.000 euro zela aurreikusi genuen; Rafael Poza arkitektoari ordaindu beharrekoa; edota BEZaren igoera».
Azkenean, baina, Peñagarikanoren esanetan, «zenbakiak ez dira hain gaizki joan». Espero baino 90.000 euro gehiago jaso dute «etxebizitzen obretan zertxobait aurreztu delako edo udaleko langileen aparteko ordainsaria ordaindu gabe geratu delako». Gipuzkoako Foru Aldundiari, berriz, 80.000 euro itzuli behar izan zaizkio, eta ez 187.000, beraz, azkenean, aurreikusi gabe zegoen 150.000 euro inguru utzi ahal izan dute gordeta.
«Programan oinarritua»
4.318.893 euroko aurrekontua du udalak 2013 urterako. Ibarrako alkateak adierazitakoaren arabera, «pasa den urteko gastuetan oinarrituz» osatu dituzte. «Horrez gain, gure programari jarraitzea ere izan da irizpidea; horregatik, aurrekontuetan arau berriztatzaileen azterketa jaso dugu, zero zaborrera begirako hondakinen kudeaketa, Berdintasun sailetik bultzatuko den plana, kale hezitzaileen programa edota gizarte laguntzen aldeko apustua».
Aurtengo aurrekontuak alde nabaria du iazkoarekin, batez ere, inbertsioen atalean, eta hori, batik bat, gazteei zuzenduriko etxebizitzen proiektuagatik gertatu zen, 780.000 euroko kostua baitzuen. Orotara, 330.000 euro bideratuko ditu udalak inbertsioetara. Hondakinen gaikako bilketak (78.000 euro) hartuko du pisu gehien, etxebizitza dotazionalen sukaldeekin (74.000 euro) batera. Arau berriztatzaileen azterketarako 53.500 euro bideratuko dituzte eta ikastolako patiorako, berriz, 35.000 euro.
Ibarrako Udala 2,883ko zorpetze mailarekin geratuko da, 2012an zorraren 103.080 ordaindu ostean.
Parte hartzea
Aurrekontuak batzar orokorrean onartuak izan aurretik bilera batean aurkeztu zituen iragan astean EH Bilduk. Herritarrei iritzia emateko aukera zabaltzea zen bileraren helburua. Alde horretatik, eta bilerara herritar gutxi azaldu zela ikusita, autokritika egin zuten udal ordezkariek, eta aurrerantzean ahalik eta herritar gehienek parte hartzea dela euren borondatea eta nahia adierazi zuten.
Aurrekontuak
Orokorra. 4.318.893 euro.
Euskara. 57.800 euro.
Gizarte zerbitzuak. 395.000 euro.
Hirigintza. 55.000 euro.
Ingurumena. 481.000 euro.
Kirola. 285.400 euro.
Kultura eta gazteria. 208.000 euro.
Obrak eta zerbitzuak. 469.000 euro.