Mendi lasterkari onenak sarituko dituzte Ibarran, Euskaltrail egunean

Ataria 2013ko otsailaren 21a

Iker Karrera mendi lasterkari amezketarra[/caption]

Euskaltrail eguna izango da larunbatean, hilaren 23an, Ibarran. Euskal mendi lasterketen inguruko informazioa jorratzen duen euskaltrail.com atariak antolatu duen ekimena da, Ibarrako Udalaren laguntzarekin, eta kirol honen zaleak elkartzea du helburu bezala.

Hainbat osagai izango ditu estreinakoz antolatzen den Euskaltrail egunak, hala nola, korrikaldi entrenamendua, bazkaria, euskal korrikalari onenei sari banaketa eta mahai ingurua. Entrenamenduari dagokionez, Ibarratik irtengo dira, eta Leaburu aldera joko dute, berriro ere Ibarran bukatzeko. Bi taldetan banatuta egingo dute, eta parte hartzaileen ezaugarrien araberakoa izango da bakoitzaren erritmoa.

Bazkaria, bestalde, Izaskun auzoan izango da, eta bertan, Euskal Herriko lasterkari onenak izendatu eta sarituko dituzte. Halaber, materialen zozketa egingo dute, eta baita mendi lasterketen inguruko mahaia ingurua ere. Azken honetan, Iker Karrera amezketarrak parte hartuko du, eta berarekin batera, Oihana Kortazar, Zigor Iturrieta eta Aitor Lopez Rekarte ere izango dira. Lau kirolari hauez gain, Euskal Selekzioko kideak ere espero dituzte Ibarran, larunbatean, I. Euskaltrail egunean.

Unai Ugartemendia, Ion Ubide eta Joseba Usabiaga tolosarrak dira euskaltrail.com webgunearen arduradunak pasa den urteko irailaz geroztik. Ugartemendiak adierazitakoaren arabera, «aurten lehenengo aldia izango da, eta aurrera begira, Euskal Herriko lasterkarientzat egun hau erreferente izatea eta urtero antolatzen jarraitzea da helburua». Bestalde, 80 lagun inguru espero dituztela larunbatean azaldu du, Euskal Herriko nahiz kanpoko parte hartzaileak izango direlarik.

Egitaraua

Otsailak 23, larunbata

10:30. Ibarrako Belabieta kiroldegian hitzordua.

11:00. Korrikaldi entrenamenduaren irteera.

13:00-13:15. Korrikaldiaren bukaera, Belabieta kiroldegian.

14:15. Bazkaria, Izaskungo jatetxean.

16:00. Euskal korrikalari onenei eta aipamen bereziei sari banaketa.

16:15. Materialen zozketa: Medilast, Salomon, OS20...

16:30. Mahai ingurua, Izaskungo jatetxean, Iker Karrera, Oihana Kortazar, Zigor Iturrieta eta Aitor Lopez Rekarte lasterkariekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!