Goma gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren jardunaldi erabakigarria jokatu zen iragan larunbatean Ezpeletan, 8x8 540 kilotan. Tiraldi guztiak irabazi ondoren, Ibarrak lortu zuen sailkapen nagusiko lehen postua, Badaiotz eta Bizindar talde arabarren aurretik. Hirugarren jardunaldi honetara Ibarra eta Badaiotz berdindurik iritsi ziren. Zozketa egin ondoren, lehia zabaltzea bi talde hauei tokatu zitzaien Ezpeletan. Bi tiraldiak gipuzkoarrek irabazi zituzten. Bigarren itzuli bat ere jokatu zuten, eta hemen, berriro nagusitu ziren ibartarrak. Erakustaldi hauei esker, 540 kilotan Ibarrak jantzi zuen txapela.
Iaz, pisu berean, gipuzkoarrak hirugarren postuan sailkatu ziren, Badaiotz eta Sakanaren atzetik. Aurtengoan, ordea, goraka doazela erakutsiz, lehia irabaztea lortu zuten.
600 kilotan, lehen jardunaldia
Ezpeletan 600 kiloko txapelketaren lehen jardunaldia jokatu zen 540koarekin batera. Hamaika talde lehiatu ziren, ostiralean ohartarazi baitzuen Abadiño B taldeak ez zuela jarduterik izango, bizpahiru tiralari min hartuta zituelako. Ondorioz, hauek aritu ziren lehian: Ibarra; Abadiño (Abadiño, Bizkaia); Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi); Murueta (Murueta, Bizkaia); Amaiur (Amaiur, Nafarroa Garaia); Baiona (Baiona, Lapurdi); Basaburua-Imotz (Basaburua eta Imotz bailara, Nafarroa Garaia); Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia); Txantrea (Iruñea, Nafarroa Garaia); Iparralde (Urduliz, Bizkaia) eta 6 Conceyos (Asturias, Espainia).
Lehen multzoan, Ibarra, Abadiño, Sokarri, Baiona, Basaburua-Imotz eta 6 Conceyos aritu ziren, eta Ibarrak mendean hartu zituen kontraio guztiak, multzoko lehen postua eskuratuz. Bigarren Abadiño taldea gelditu zen, Ibarragandik bi tantora.
Bigarren multzoan Ñapurrak talde lapurtarra izan zen jaun eta jabe, txanda eta tiraldi guztiak irabazita. Multzoko buru izateaz gain, sailkapen nagusiko lehen postua eskuratu zuten etxean jokatu zuten Ñapurrak taldekoek. Sailkapen honetan bigarren Ibarra dago.