Zergetan hobariak dituztenentzat aurkezteko epea zabaldu dute

Ataria 2013ko otsailaren 6a

Ibarrako Udalak adierazi duenez, hobariak izango dira familia ugarientzat nahiz lanbidearteko gutxieneko soldata baino gutxiagoko sarrerak dituztenentzat, udal zergetan.

Familia unitate bakoitzeko 2013rako indarrean dagoen lanbidearteko gutxieneko soldata (645.30 euro) baino gutxiagoko diru sarrerak egiaztatzen dituzten pertsona fisikoak salbuetsita egongo dira zabor-bilketagatiko tasa ordaintzetik, eta uraren kontsumoagatiko eta estolderia erabiltzeagatiko tasan hobaria izango dute.

Kasu horretan, famili unitatetzat hartuko dira, etxebizitza berean bizi, eta beren artean nolabaiteko harremana duten pertsonak. Famili unitatearen kide guztiek Ibarrako erroldan egon beharko dute. Eskaerarekin batera nortasun agiria, familia unitatearen kide guztien diru sarreren ziurtagiria, 2012ko uraren ordainagiriak  eta  zabor-bilketagatiko ordainagiria aurkeztu beharko dira

Bestalde, familia ugarien kasuan, 2013 urteari dagokion Ondasun Higiezinen gaineko zergen hobaria eskatzeko epea ireki dela jakinarazi du udalak. Hain zuzen ere, zergaren %50eko hobaria aplikatuko zaie.

Bi kasuetan, eskaerak otsailaren 24a baino lehen aurkeztu beharko dira, Ibarrako Gizarte Zerbitzu sailean, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara. Informazio gehiagorako, 943 67 04 15 zenbakira deitu ahalko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!