Areto futboleko eskualdeko lau taldeek kolore guztietako emaitzak lortu dituzte Gabonetako atsedenaldiaren ostean. Hirugarren mailako sailkapenak aldaketa handirik gabe jarraitzen du, hau da, Ibarrak lehen postuan segitzen du eta Hirukidek laugarren. Asteburu honetan bi talde hauen eskutik etorri dira garaipenak. Laskorainek berdinketa erdietsi zuen, eta Villabonako Egintzak porrota.
Laskorainek garrantzi handiko puntua lortu zuen Lasarteko Buruntzaren etxean. Talde horitxotik azaldu dutenez, zelai horretan oso zaila da ezer lortzea, eta horri, Laskoraindarren baja garrantzitsuak gehitu behar zaizkio puntuaren balioaz jabetzeko: «Taldeko zutabe garrantzitsu diren Murgik eta Gilek orkatila bihurrituta eta sorbalda irtenda zituzten, hurrenez hurren. Deialdia osatzeko, harrobiko jokalariak izan arren lehenengo taldean gero eta pisu gehiago hartzen ari diren Josu, Zumeta eta Eñaut pistoleroak bereganatu behar izan zituen Aitor prestatzaileak».
Geldialdiaren ondoren ez galtzeari garrantzia eman, eta puntu soil horri datorren astean etxeko partida irabazita jarraipena emateko asmoarekin itzuli ziren etxera tolosarrak.
Lasarteko partidaren ondoren, Laskorain sailkapen nagusian bederatzigarren postuan dago, 21 punturekin. Egintza bost puntu gutxiagorekin dago, sailkapeneko hamabigarren postuan.