Datorren astelehenetik aurrera, TO21E lineak bidaia berri bat izango du. Autobusa Tolosatik aterako da, 11:00etan. Hala iragarri du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Luis Arana alkatearekin bildu ondoren.
Ez da hobekuntza bakarra izango. Eguneko lehenengo eta azkeneko bidaiez gain, gainerako bidaietan Iruraraino iritsiko da autobusa. «Herrien arteko joan-etorriak errazagoak izango dira, eta, besteak beste, astelehenetik ostiralera lanera joatea eta larunbatetan Tolosako azokatik etxera itzultzea errazagoa izango dute hernialdearrek», esan du foru diputatuak. Iruratik pasatzeko eskaera dagoenean, lineak ibilbide hau egingo du: Tolosa-Hernialde-Anoeta-Irura. Kontrako noranzkoan, berriz: Irura-Anoeta-Hernialde-Tolosa.
Diputatuak aurreratu du departamentuak haurrentzako aulkitxoak jarriko dituela taxi-zerbitzuan. Horrela, Tolosaldeko familien beharrak ere kontuan hartuko dituzte. «Haur txikiak dituzten familiek zerbitzua erosoago erabili ahal izango dute. Beren beharretara egokitzen den garraio publikoaren beste aukera bat izango dute, eta horrek herri hauetan bizitzen jarraitzea erraztuko du», adierazi du Dominguezek.
Diputatuak eskerrak eman dizkio Hernialdeko alkateari, herrian Lurraldebusen erabilera sustatzeko egindako lanagatik. Era berean, azpimarratu du herri txikietan kalitatezko garraio publikoa izatea aukera-berdintasuna bermatzeko eta biztanleria galtzeari aurre egiteko modu bat ere badela.
«Herri txiki batean bizitzeak ezin du esan nahi mugitzeko zailtasun handiagoak izan behar direnik edo herri handiagoetan bizi direnek baino aukera gutxiago izan behar direnik. Horregatik, oso garrantzitsua da Lurraldebus herri bakoitzaren beharretara egokitzea. Horretarako, udalak entzun eta herritarren eskaerak kontuan hartu behar dira. Hernialden bizi diren pertsonek beren bizi-proiektuak herrian bertan garatu ahal izatea nahi dugu, beren beharretara egokitzen diren garraio publikoko aukerak dituztela jakinda», adierazi du. Diputatuak gogorarazi du, gainera, urriaren erdialdetik MUGI txartelak udaletxean bertan eskatu eta kargatu daitezkeela.
Bestalde, Hernialdeko alkateak adierazi du «oso pozik» daudela herrian lortutako hobekuntzekin. «Aspalditik ari ginen garraio publikoaren zerbitzu hobea eskatzen, gure herritarren beharrei erantzungo zien zerbitzua. Gaur urrats garrantzitsua egin dugu. Bereziki nabarmendu nahi ditugu autobusaren bidaia berri hau eta Irurako osasun-zentrora joateko aukera. Larunbatetan Tolosako azokatik etxera itzultzeko aukera ere oso garrantzitsua da. Eskerrak eman nahi dizkiet Azahara Dominguez diputatuari eta haren taldeari, gure eskaerak entzuteko eta konponbideak bilatzeko erakutsi duten prestasunagatik. Herri txikia gara, baina gure beharrak eta eskubideak ez dira garrantzi gutxiagokoak», amaitu du.