Biokimikak eta musikak elkarren artean zerikusi gutxi izan dezaketela pentsatuta ere, antzekotasunak ikusten dizkio Jaione Auzmendik (Hernialde, 1993). Bi arloetan aurkitzen ditu sormenerako grina eta motibazioa, eta biomedikuntzan ikertzaile gisa laborategian nola, hala sortu nahi ditu erreakzioak orain jendartean Ziraun rock taldearekin.
Nondik datorkizu kantatzeko grina?
Beti bizi izan dut musika pasioz. Txikitan egunero-egunero abesten nuen, pozik, triste edo haserre egonda ere. Kantu klaseak jasotzearena, ordea, ez da hain aspaldiko kontua. Beti eduki nuen buruan, baina neure buruari denbora faltaren aitzakia jartzen nion. Halako batean doktoretza amaitu nuenean pentsatu nuen bazela garaia kantu klase batzuk jasotzeko. Duela lau urte inguru joan nintzen Gernikara (Bizkaia) bizitzera, eta, orduan eman nuen izena musika eskolan; gero hasi nintzen Kalapitaka akademian.
Beti ahotsa lantzen?
Bai. Orain konturatu naiz klaseak jaso aurretik teknikako gauza batzuk banekizkiela, baina inkontzienteki egiten nituela. Imitazioz egiten nuen, nolabait. Baina, noski, akademian sartu eta gero hobekuntza sumatu dut ahotsean. Zenbait notatara erosoago iristen edo ahotsarekin indar handiagoa egiten ikasi dut. Eta hori ez ezik, kontzertuetan edo estudioan asteburu osoa grabatzen eman ondoren, boza ez galtzeko ere balio izan dit ahots teknika ezagutzeak.
Ahotsa landu dut baina baina orain arte ez dut instrumenturik jo; ez dut aukera baztertzen. Aukeratu beharko banu, ahotsa laguntzen duen instrumentu bat aukeratuko nuke.
Nola definituko zenuke zure ahotsa?
Uste dut indartsua dela, baina, behar denean, badakit goxo kantatzen ere. Potentzia badaukat, baina sentimenduarekin kantatzea ere gustatzen zait.
Nondik sortu zitzaizun aukera taldean sartzeko?
Taldekide gehienok elkar ezagutzen dugu Kalapitaka musika akademiatik, han bertan ikasten dugulako. Nereak [Rute] taldea utzi zuenean, taldekideek esan zidaten abeslari bila zebiltzala eta nire profila gustatzen zitzaiela. Nik banuen gogoa talde batean aritzeko, eta gure bideak gurutzatu zirenean, baiezkoa eman nuen.
Aurretik ezagutzen zenuen Ziraun taldea?
Bai. Aurretik kaleratu zuten EPa entzun nuen bere garaian, eta asko gustatu zitzaidan. Musikalki nire gustuko estiloa da taldearena.
Zer da Ziraun? Nola aurkeztuko zenuke?
Duela lau urte inguru sortutako musika taldea da. Bere garaian, Argitik izeneko EPa argitaratu zuten. Bi taldekidek —Nerea [Rute] abeslariak eta Ibon [Bilbao] gitarristak— taldea uztea erabaki zuten, eta orduan sartu nintzen ni. Ahotsa jartzen diot taldeari, eta nirekin batera, gitarran Asier Morales eta Oier Irazabal aritzen dira, baxuan Mikel Conde, eta baterian Pello Arrioma. Gernika inguruko taldea da.
Zein erreferente dauzkazue?
Taldekide guztioi gustatzen zaigu rocka; hori da gure oinarria. Erreferente komun batzuk aipatzearren, Liher edo Sua aipatuko nituzke, adibidez. Nahiz eta gure bidea egiten dugun, inspirazio iturri dira guretzat. Zea Mays, Berri Txarrak eta Sutagar ere izugarri gustatzen zaizkigu. Eremu horretan mugitzen gara, baina gero geure artean ere gustu ezberdinak dauzkagu.
Zirauni zer ekarpen egiten dio zure ahotsak?
Gurea talde bat da, eta bakoitzak bere ekarpena egiten du. Instrumentu bakoitzak besteari laguntzen dio, ahotsa barne. Instrumentu guztiek elkar osatzen dute. Filosofia horri jarraitzen diogu. Instrumentazio aldetik, rock ilun eta indartsua egiten dugu, eta ahotsak doinu melodikoagoa ematen dio. Batzuetan goxotasuna transmititzeko erabiltzen dugu ahotsa, eta beste batzuetan, instrumentuen indarra are gehiago nabarmentzeko. Kohesio handia dugu elkarren artean.
Nolako hartu-emana duzue taldekideok?
Oso ona. Niretzat lehen esperientzia izan da talde batean. Musika eskolan kontzertutxoak egin ditut, baina profesionalki lehen aldia izan da Ziraun taldekoa. Oso ondo hartu naute, eta harrera bikaina egin didate, bai pertsonalki, bai musikalki. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta elkar ondo ulertzea garrantzitsua da, baita konposatzeko garaian ere.
Ordu asko ematen dituzue entseguetan?
Bost lagun gara. Zenbat eta lagun gehiago, orduan eta zailagoa da agendak bateratzea. Kontzertuen aurretik saiatzen gara entseguak egiten. Bestalde, grabazioa erosoagoa egin dakigun, gauzak aurrez prestatuta eramatea gustatzen zaigu, eta, hortaz, iazko urte amaieran, estudiora joan aurretik, entsegu dezente egin genituen.
Bira bat ere egin zenuten iaz. Non aritu zineten?
Bira txiki bat egin genuen, eta EraldaTour izena jarri genion, kide berriak sartu ginenez gero taldea eraldatu egin zelako. Oso ondo joan zitzaigun. Agertoki txikietan jo genuen —tabernatan eta herri txikietako festatan—, baina toki handiagoetan ere aritu ginen; esaterako, BBK Music Legends jaialdian. ZeidFest-en jotzeko lehiaketa batera ere aurkeztu ginen, eta aukeratu egin gintuzten. Metro Bilbao lehiaketan ere hautatu gintuzten, eta metroan bertan jo genuen. Kontzertu politak izan ditugu.
Ziraun taldeak zein agertokitara egokitzen da ondoen?
Edozein tokitara moldatzen gara. Publikoa aldatu egiten da taberna bat izan, herriko jaiak izan edo jaialdi bat izan. Jaialdi handietan industriako beste eragile eta talde batzuekin harremana egiteko aukera ematen dizu. Guri asko gustatzen zaigu horrelako jaialdietan jotzea, estimulu gehiena horrelakoetan daukagulako.
Maiatzaren 7an kaleratu zenuten Biziraun diskoa. Zer moduzko harrera izan du diskoak?
Harrera polita izan du. YouTuben ikustaldi dezente izan dituzte kantuek, eta Instagramen ere mezuak jaso ditugu. Oso gustura gaude, eta, oro har, jasotako feedback-a positiboa izan da. Pozik gaude.
Nola egiten duzue sormen lana?
Instrumentazioan talde lana dago: kide guztion artean ideiak ateratzen dira, eta komunean jartzen ditugu. Oinarri horrekin, nik sortu ditut ahots melodiak, eta hitzak jarri dizkiet kantuei. Bederatzi kantutatik zortzitan nireak dira letrak; azkenekoaren, Zure ispilu bakarra izenekoaren hitzak Koldo Gezuragak idatzi ditu.
«Instrumentazioan talde lana dago: kide guztion artean ideiak ateratzen dira, eta komunean jartzen ditugu»
Zer kontatu nahi izan duzu kantuetan?
Diskoari Biziraun izenburua jarri diogu, eta abesti bakoitzean gai bat jorratu dugu. Askotan, tabuak edo gehiegi aipatzen ez diren gaiak dira; normalean, oso eroso egiten ez zaizkigunak. Iruditzen zaigu bizirautea merezi duten gaiak direla. Hanamiaren B aldea kantuan, adibidez, doluaren inguruan ari gara. Plazandreak abestia erreferente izan diren emakumeengan dago oinarrituta, eta haiekin batera anonimotasunean geratu direnengan; haiei omenaldi bat egin nahi izan diegu. Horiek gaietako batzuk baino ez dira. Gehiago ere badauzkagu tartean.
Eroso sentitu zara idazten?
Bai. Lehen aldia izan da kantuak idatzi ditudana. Eskutitzak idatzi izan dizkiet lagunei, eta oparitan eman. Emoziotik idatzi izan ditut horrelakoak, metaforak erabiliz. Orain kantuak idazten jarri naizenean konturatu naiz oso eroso aritu naizela. Emaitzarekin gustura nago.
Kolaborazio bat ere izan duzue: Sutagarreko Aitor Gorosabel.
Floema abestia konposatu genuenean, entzuten genuen eta esaten genuen kolaborazio batek indar handia emango ziola kantuari. Potentzial handiko abestia da, eta ikusi genuen Aitor Gorosabelen ahotsa primeran geratuko zela kantuan. Idatzi genion, eta jarrera bikaina izan zuen gurekin. Ilusio handiz parte hartu zuen. Prestasun handiz lagundu zigun, eta pertsonalki oso jatorra iruditu zitzaigun. Harreman polita izan dugu elkarrekin.
«Ikusi genuen Aitor Gorosabelen ahotsa primeran geratuko zela 'Floema' abestian»
Non grabatu zenituzten kantuak?
Arratzun (Bizkaia) grabatu genuen diskoa, Jon Urriolabeitiarekin, Korturec estudioan. Oso gustura egon gara. Abendu amaieran hasi, eta urtarril amaieran bukatu genuen.
Autoedizioa da diskoa.
Bai. Jon Badik egin dizkigu nahasketak, eta Bartzelonako Ultramarinos estudioetara bidali dugu diskoa masterizatzera. Gainerakoan geure gain hartuko ditugu beste zeregin guztiak. Lan handia eskatzen du autoedizioak. kontzertuak bilatu, kontaktuak egin, promozioa egin... Saiatuak gara, eta denetara moldatzen gara.
Disko berria non dago entzungai?
Plataforma guztietan dago Biziraun. Aitor Gorosabelekin grabatutako bideoklipa ere YouTuben ikusgai dago. Fisikoki, CD bat ere atera dugu, formatu politean, letra eta guzti. Ainhoa Moralesek egin digu diseinua. Diskoa lortzeko, nahikoa da gurekin sare sozialetan harremanetan jartzea.
Eta orain? Kontzertuak badauzkazue hitzartuta?
Biziraun bira prestatuta daukagu. Data batzuk lotuta dauzkagu. Gernikan egin genuen diskoaren aurkezpena, gertuko saio batean. Sare sozialetan jartzen ditugu kontzertu guztiak. Dena ondo bidean, aurtengo Errockmerian ariko gara, Zelatunen. Hori, Tolosaldea inguruko emanaldiei dagokienez, bestela pentsatzen dugu uda partean toki batean baino gehiagotan erakutsiko dugula gure zuzenekoa.