Kultur Eguna egingo dute maiatzaren 10ean

Ataria 2026ko apirilaren 9a

Maiatzaren 5a baino lehen erosi beharko dira bazkari herrikoirako txartelak, udaletxean edo ostatuan.

Hernialden Kultur Eguna antolatu dute maiatzaren 10erako. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta tartean, bazkari herrikoia egingo dute. Bertara joan nahi dutenek, maiatzaren 5a baino lehen eskuratu beharko dute txartela udaletxean edo ostatuan. Helduentzako entsalada mixta, haragi paella eta euskal pastela izango da; eta haurrentzako, berriz, natxoak guakamolearekin, haragi paella eta Mahalako izozkia. Helduen menuak 20 euro balioko ditu, eta haurrenak, 13.

Hauxe da prestatu duten egitaraua:

  • 10:30. 'Kutsidazu bidea, Ixabel' horma-irudiaren inaugurazioa frontoian.
  • 10:30 - 14:00. II. Artisau Azoka, musikaz girotua goizean zehar.
  • 14:30. Bazkari herrikoia. Tiketak udaletxean edo ostatuan salgai, maiatzaren 5era arte. Helduak 20 euro. Haurrak 13 euro.
  • Ondoren. Toka txapelketa.
  • 15:30. Haurrentzako puzgarriak.
  • 17:00. Txokolatada.
  • 18:30. 'Haurreskolari' Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna frontoian. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!