Hernialdeko Udalak Txingurri bailarako bidea zabaltzeko lanak abiatu zituen iaz. Hiru fasetan egingo dute obra: iaz lehenengo esku hartzeak egin ondoren, aurten jarraituko dute eta datorren urterako bidea egokituta izatea espero du Luis Arana alkateak.
Hainbat bailaratan banatuta dago Hernialde eta udal ordezkariek azkeneko 25 urteetan lanak non egin diren begiratu zuten Txingurri bailarako obrarekin hasi aurretik. «Beharra bailara guztietan dago baina ikusi genuen azkenaldian eremu horretan ez dela hainbeste inbertsio egin», esan du alkateak. 400 metro inguruko maldan, bi metroko bidea lau metrotara zabalduko dute eta horrek aukera emango du aldi berean bi kotxe pasatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuten iaz lanak egiteko eta aurten ere eskaera bera luzatuko du udalak. «Kostuaren zati bat horrekin estali nahi genuke eta bestea udalak jarriko du». Arana pozik dago udal kontuak saneatuta dauzkatelako: «Zorrik ez dugu, ordaintzeko mailegurik ere ez, eta gerakina baliatzen dugu horrelako inbertsioetarako. Hori bai, gure aurrekontua zein den kontuan hartuta tamaina honetako lanik ezingo genuke egin diru laguntzarik gabe». Aurten Hernialdeko Udalak 739.150 euroko aurrekontua du.
Harrera gunea
Iaz inauguratu zuten Kutsidazu bidea, Ixabel bidea Hernialde eta Alkiza artean. Udal ordezkariak pozik daude ekimenak izan duen harrerarekin eta sumatzen dituzte bisitariak herri inguruan. Haiei harrera egiteko, frontoiaren iskin batean dagoen lokala egokitu dute. Egunotan ari dira kanpotik atontzen. «Inbertsio dezentekoa egin genuen iaz lokala prestatzen eta kasu honetan ere beste erakundeetako laguntza jaso genuen».
Ez da hori udalak duen asmo bakarra. Hain justu, frontoiaren bestaldean, elkartearen gainean dagoen lokalari erabilera berria eman nahi diote aurrera begira. «Udaletxeko ganbaran hainbat ikastaro eskaintzen dira, baina ez da toki aproposa. Elkartearen gainean, garai bateko eskola zaharreko tokia ez dago ondo aprobetxatuta. Barrutik dena bota eta egokitu nahi genuke, baina horretarako aldez aurretik irisgarritasun neurriak bete behar ditugu. Beraz, aurten, igogailua jarriko dugu, frontoi barrualdetik lehenengo solairura igotzeko».
Etxebizitza beharra
Udalak duela urte batzuk erosi zuen apaizetxea. Eraikinaren behealdean egin zioten tokia haur eskolari eta gaur egun 10 ume ari dira bertan. Alkateak dio «kosta ahala kosta» eutsi nahi diotela zerbitzuari, umeak plaza inguruan egoteak bizia ematen baitio herriari.
Hernialden 330 biztanle dira gaur egun; umeak badaude, baina adinekoak ere bai, eta hain zuzen, azkeneko hauei zuzendutako azpiegitura bat prestatzeko ideia du buruan alkateak. «Gurea bezalako landa eremuko aitona-amonak beste modu batera ohituta daude, eta nekez jaitsiko dira Tolosara eguneko zentro batera. Guk hemen ez dugu hainbesteko azpiegitura sortzeko modurik, baina agian egokitu dezakegu espazioren bat haientzako». Udal ordezkariek uste dute etorkizunean halako zerbitzu baterako toki aproposa izan daitekeela, adibidez, apaizetxeko goiko solairua. «Oraingoz asmoa baino ez da».
Dena den, herria biziberritu dadin, alkateak argi du etxebizitza bermatu behar zaiela herriko gazteei. Amaitu berri dute azkeneko urbanizazio proiektua eta 10 etxebizitza egin dituzte bertan baina gehiagoren beharra sumatzen dute. «Herriko gazteek zein asmo duten jakiteko bilera bat egin genuen iaz eta 15 inguru etorri ziren interesatuta». Oraingoz zortzi etxebizitza egiteko aukera jasota dute hirigintza planean, baina gehiago egiteko aukera aztertuko dutela esan du Aranak. «Luze joko du baina lehenengo urratsak eman nahi ditugu. Aurrena lur horiek erosi beharko ditu udalak eta etxebizitzen prezioak hainbeste garestitu ez daitezen saiatuko gara erosketarako laguntza bilatzen».