Hernialdeko jaiak 2025

«Aurreko urteetako egitarauari jarraipena ematen saiatzen gara»

Endika Apalategi Labayen 2025eko abuztuaren 6a

Amundarain eta Telleria festa batzordeko kideak. E.A.

Aiora Amundarainek eta Olatz Telleriak, festa batzordeko kideek, aurtengo festak aletu dituzte.

Hiru eguneko festak antolatu dituzte Hernialden, eta dena antolatzeak «lan handia» eskatzen duela aitortu dute Aiora Amundarainek eta Olatz Telleriak, Hernialdeko festa batzordeko kideek.

Nolako festak antolatu dituzue?

Aiora Amundarain: Hernialdeko festek, oro har, urtero antzeko egitura izaten dute, eta ez da berezitasun handirik izaten. Azken urteetan antolatutako ekintzei jarraipena ematearen aldeko apustua egin dugu, eta adin guztientzako jarduerak eskaintzen saiatzen gara.

Festak antolatzen nortzuk aritzen zarete? Noiz hasi zineten bilerekin?

Olatz Telleria: Festa batzordekoak arduratzen gara dena prestatzeaz, eta otsail inguruan hasten gara bilerak egiten eta antolakuntza lanetan. Guztira, bederatzi pertsona elkartzen gara, eta aurreko urteetako egitarauari jarraipena ematen saiatzen gara, nahiz eta urtero zerbait berria sartzeko ahalegina ere egiten dugun. Batzordeko gazteenek 20 urte inguru dituzte, eta zaharrenek berriz, berrogeitik gora.

Zeintzuk dira aurtengo berritasunak?

Amundarain: Aurtengo berezitasun gisa, txakolin dastaketa sartu dugu. Gainera, Artzain Txakur Lehiaketaren bigarren edizioa ere antolatu dugu. Pasa den urtean oso ondo atera zen, jendeak ez baitzuen halakorik espero, eta jendetza bildu zen, bertakoak zein kanpokoak. Emaitza paregabea izan zen, eta zerbait desberdina eskaintzea lortu genuen.

Bada beste nobedaderik?

Telleria: Bai, bada. Aurten, Andra Mari egunean pentatloi modura antolatutako herri kirol saioa egingo dugu. Jendeari asko gustatzen zaion ekintza dela ikusi dugu, eta horregatik, berriro antolatzea erabaki dugu. Bestalde, Frontenis Txapelketaren finala egingo da jaietako lehen egunean, bigarren urtez jarraian. Oraingoz, txapelketa herrikoia da, baina etorkizunean inguruko herrietako jendeari parte hartzeko aukera ematea ere aztertzen ari gara.

Gauetan nork girotuko du festa?

Telleria: Aurten Obaneuke, Korrontzi eta Itzal taldeak arduratuko dira gau giroa alaitzeaz. Badakigu Andra Mari egunaren inguruan beste herri askotan ere festak izaten direla, baina guk uste dugu erromeria taldeen aldeko apustua egitea garrantzitsua dela. Horrez gain, gaua luzatzeko ahalegina egiten dugu DJ-ekin eta bestelako ekintzekin, Hernialdera etortzen direnentzat eskaintza zabala izan dadin.

Amundarain: Erromeria aukera erraza eta erakargarria da, eta inguruko herrietatik jende pixka bat igotzen da. Gainera, erromeriaren aurretik ekintza bereziren bat jartzen baduzu, jendeak hobeto erantzuten du. Aurten, esaterako, Andra Mari egunean bertso saioa antolatu dugu erromeriaren aurretik.

Sagardo dastaketak jende asko bildu izan du beste urteetan.

Amundarain: Eguna bera izaten da berezia goiz-goizetik, erretirodunen eguna da eta Hernialden, sagardo dastaketa da, jende gehien erakartzen duen ekintza. Herniobide elkartearen laguntzaz, jendeari txistorra pintxoak eskaintzen zaizkio. Aurten, adibidez, bost euro ordainduta, basoa eta bi pintxo jasotzeko aukera izango da. Pintxo gehiago nahi izanez gero, tiketen bidez eskuratu ahal izango dira, horrela denek izango dute pintxoa jateko aukera.

Herriko haur eta gazteek ere izango dute zerekin gozatu.

Telleria: Bai, noski. Lehen eguna izaten da haurrei eta gazteei zuzendutakoa. Goizean, beste behin, Kulkiren haur jolasak egingo dira. Urte dezente daramatzate festetara etortzen, eta umeek primeran pasatzen dute. Txupinazoaren ondoren, umeen eta gazteen bazkaria izaten da. Arratsaldean, haurrek Potx eta Lotx pailazoen ikuskizunaz gozatuko dute. Umeen eta gazteen eguna egun berean ospatzen dugu, eta askotariko jarduerak izaten dira haientzat.

 
Erlazionatuak

Hiru egun bete, Hernialden

Endika Apalategi Labayen abu 06 Hernialde

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!