Lehenengo aldiz Artisau azoka egingo dute igandean Hernialden. Herriko frontoian 22 postu jarriko dituzte eta zuzeneko musika eta pintxoak izango dira aukeran, 10:30etik 14:00etara. Herriko artisauen ekimena izan da azoka eta udalaren laguntza izan dute horretarako.
Haritxoa izenarekin ibiltzen da Olatz Telleria Hernialdeko artisaua eta bera izan da igandeko azokaren bultzatzaileetako bat. «Asko gara herrian artisau bezala aritzen garenak eta horregatik pentsatu genuen gure lanak erakusteko egun bat antolatzea aproposa izan zitekeela». Telazko poltsa eta osagarriak egiten ditu Telleriak, baina igandean postua izango dute Hernialde bertako Pinpirin, Ingaia eta Hand Made Maika artisauek ere, hurrenez hurren, belarritakoak, larruzko poltsak eta jaioberrientzako brodatuak lantzen dituztenak.
Herritarrek ere ekarpena egingo diote igandeko azokari: elkartean pintxoak eta edariak banatuko dituzte eta herriko haurrek eurek egindako eskulanak erakutsiko dituzte frontoian. Gainera, herritarren lanekin erakusketatxo bat ere muntatuko dute azokan eta Manolo Arroyoren antigoaleko gauzak, Mari Carmen Niñoren margolanak eta Laureano Aranaren eskuz egindako labanak ikusi ahal izango dira bertan.
Askotariko salgaiak
Telleriak azaldu duenez azokarako herriko artisauei eman diete lehentasuna eta gonbidatu dituzten gainerakoentzat honako irizpideak erabili dituzte: «Saiatu gara eskaintza bertsua egiten duten postuak ez errepikatzen eta ahalegindu gara eskualdeko artisauen postuekin osatzen azoka». Aurretik ezagun dituztenak gonbidatu dituztela aipatu du antolatzaileak eta nabarmendu du artisauen lanekin batera elikagaiak ere izango direla, hala nola Telleria gaztak, Larreta esnekiak eta Kukie postua.
Frontoiaren babesa aukera dute azokarako, «eguraldiarekin zer gerta ere»; plaza ibilgailuentzat itxiko dute eta Telleriak esan du bisitariak «eroso» ibiltzeko moduan izango direla. «Nagusiki inguruko herrietatik etortzea espero dugu, Tolosa, Irura eta Anoetatik, adibidez». Inguruko herrietako egitarauei begira aritu dira eta hutsunea ikusi duten unean antolatu dute azoka, «inori traba ez egiteko». Igandea egun aproposa dela uste dute antolatzaileek gisa honetako ekimenak egiteko eta eguna borobildu eta giroa jartzeko trikitilariak ere izango direla esan dute.
Lehen aldia da Hernialden artisau azoka antolatzen dutela eta ikuskizun dago zein erantzun jasoko duten. Telleriak adierazi du ekimena ondo ateratzen bada, hurrengo urteetan errepikatuko dutela.