Hernialdeko armarria aldatu dute

Ataria 2024ko azaroaren 29a

Armarri berriak kolore urdineko hondo bat du eta erdian sustrairik gabeko kolore berdeko zuhaitz bat ageri da behealdean dauden muino batzuen gainean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hernialdeko udalerriaren armarriaren aldaketa onetsi du azaroaren 21ean. Udalak proposatu zuen aurrekotik zenbait elementu kentzea, armarria «modernizatzeko eta egungo errealitate sozialera egokitzeko». Proposamen berrian ez da ageri koroa –Espainiako Erresumak XVIII. mendearen hasieran hartutako sinbologiari erreferentzia egiten diona–, ezta armarria inguratzen zuen lepokoa.

Proposamenak Aranzadi zientzia elkartearen aldeko bi txosten ditu: hasierako, 2022koa; eta Foru Aldundiak eskatuta egindako osagarria, 2023koa. Bietan proposamenari «justifikatua eta arrazoizkoa» irizten zaio, ezabatutako elementuak apaingarriak direnez, egindako aldaketa txikia baita.

Hernialdeko osoko bilkurak hasierako onespena eman zion armarri aldaketari 2022ko apirilean eta, hilabetez jendaurrean erakutsi ondoren, behin betiko onartu zuen proposamen berria urte hartako uztailean. Iaz txosten osagarriak aztertu eta onartu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak orain eman du agindua armarria aldatzeko.

Hernialdeko armarri berriak kolore urdineko hondo bat du eta erdian sustrairik gabeko kolore berdeko zuhaitz bat ageri da behealdean dauden muino batzuen gainean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!