Hernialdeko jaiak 2024

Aitor Tatok eta Fidel txakurrak irabazi dute Artzain Txakur Txapelketa

Ataria 2024ko abu. 16a, 16:18

I. Artzain Txakur Txapelketa jokatu da Hernialdeko jaien barruan, eta Ataungo artzainak eta bere txakurrak irabazi dute. Jon Ander Leunda hernialdetarra eta bere txakur Loki hirugarren postuan geratu dira.

Hernialdeko jaien hirugarren eta azken eguna da gaur, eta aurtengo berrikuntza nagusiaz gozatu ahal izan da: Hernialdeko I. Artzain Txakur Txapelketa. Herriaren sarrerako belaze batean egin dute txapelketa, eta zortzi artzain eta euren txakurrak lehiatu dira. 

Bada, 246 punturekin Aitor Tato ataundarra eta bere txakur Fidel nagusitu dira. Bigarren postuan 221 punturekin Jabier Zubiaurre eta Mendi txakurra geratu dira, eta hirugarren izan da Jon Ander Leunda hernialdetarra eta loki txakurra, 141 punturekin. Laugarren postuan geratu dira Jexux Razkin eta Mendi txakurra 92 punturekin eta bosgarren postuan puntu berarekin Mikel Arregi eta Lagun txakurra. Seigarren Karlos Ardanza eta Mendi txakurra izan dira, 76 puntu batuta.

Aurtengo festetako berrikuntzak ikusmina sortu du, eta herritar ugari gerturatu dira txapelketa burutu den zelaira, artzainen eta txakurren lana ikustera. Erretirodunen bazkaria izan da ondoren, eta bazkalostea bingoarekin eta euskal abestiak kantatuz girotu dute. Kalakan musika taldeaz gozatzeko tartean izango dute 17:30ean, zahagiardoa izango dute 20:30etik aurrera eta gauean, 22:30ean hasita, erromeria izango da, Obaneuke taldearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!