Hernialdeko jaiak 2024

Berritasun eta ohiko ekitaldiez beteriko jaiak

Endika Apalategi Labayen 2024ko abuztuaren 12a

Abuztuaren 14tik 16ra murgilduko da festetan Hernialdeko herria. Aurtengo egitaraua, berrikuntzaz beterik dator; aipagarrienak ondorengoak: frontenis, tortilla eta artzain txakur txapelketak.

Hiru eguneko festak antolatu dituzte Hernialden. Abuztuaren 14tik 16ra izango dira, eta Andra Mari eguna osteguna egokitu da aurtengoan.

Lehen egunean, txupinazoa jaurti eta Kulki haur jolasekin ekingo diote herriko jaiei. Ondoren, haur eta gazteen bazkaria egingo da, eta arratsaldean, I. Frontenis Txapelketako finalak jokatuko dira. Gauean, fronteniseko finalak jokatzen xahututako indarrak berreskuratu ahal izateko, herri afaria egingo da. Lehen eguna amaitzeko, bertsolariak eta DJ Txispi izango dira entzungai. 

Andra Mari egunean, Hernialden jende gehien erakartzen duen ekitaldia burutuko da, 31. Sagardo Txapelketa, hain zuzen ere. Barkaiztegi, Gaztañaga, Petritegi, Izeta, Rezola, Aburuza eta Isastegi izango dira aurten txapelketan parte hartuko duten sagardotegiak. Arratsaldean, jaiek ez dute etenik izango. Patata tortilla txapelketa eta Etxeberria aita-semeek girotutako poteoa egingo baita. Gaua inguratzearekin batera, zahagiardoaz eta kontzertu gauaz gozatzeko aukera izango da Hernialden.

Abuztuaren 16a, aurtengo jaietako berrikuntza nagusiarekin hasiko da, artzain txakur txapelketarekin. Egunak erretirodunen bazkariarekin jarraituko du, eta ondoren, bingoan jokatu eta euskal kantak abesteko aukera izango dute. Jaiei amaiera Obaneuke erromeri taldeak emango die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!