Irabazi arte telesaileko Kepa pertsonaia gorpuzten du Ugaitz Amundarain (Hernialde, 2004) aktoreak. Txikitatik amestu du Go!azen telesailean aritzearekin eta, gaur egun, arte eszenikoak ari da ikasten. Kontatu du «pixka bat kasualitatez» jaso zuela Irabazi arte programan aritzeko eskaintza eta ez zuela espero. Elkarrizketan aletu ditu antzezle izatearen nondik norakoak eta etorkizunera begira dituen asmoak eta proiektuak.
Nolakoa da Kepa?
Kepa xelebre samarra da. Pelikuletan eta beste leku askotan ikusten diren friki horietakoa da: beti ordenagailuarekin ibiltzen da, superheroiak ditu gustuko eta neska kontuetan galduta ibiltzen da. Jendearen atzetik ibili ohi da, errietak jasotzen ditu tokatzen ez zaionean eta ez du ezer esaten... Beti gordetzen du dena barrurako. Hori da gutxi gorabehera bere profila.
Erraza izan al da pertsonaia horren azalean sartzea?
Egia esan lehen aldia dut horrelako proiektu handi batean, eta betiere hor egiten da presioa. Pertsonaiaren azalean sartzea baino gehiago kosta zait presioa kudeatzen jakitea. Hala ere, ez da bereziki zaila izan; gidoiak-eta irakurri nituenean nahiko erraz egokitu nintzen rolera. Gero, egia da zailtasunak egoten direla grabatzerako orduan eta abar; baina, oro har, oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin.
«Pertsonaiaren azalean sartzea baino gehiago kosta zait presioa kudeatzen jakitea»
Lehen aldia duzu mota honetako proiektu batean?
Film laburrak-eta grabatzen ditugu proiektu handi batean hasi aurretik. Eskolan bertan erakusgai modukoak egiten ditugu klasean landutako guztia gero publikoari erakusteko. Baina proiektu handi batean hau da lehen esperientzia, bai.
Eta nolako esperientzia ari da izaten?
Fama aldetik-eta hasieran nahiko ondo kudeatzen nuen; gainera, telesailean betaurrekoak ditut eta jende askok kalean ez ninduen ezagutzen. Orain gutxi, berriz, Saloun izan naiz oporretan eta ez dakit zer gertatu zen, baina hotelean jende guztiak ezagutzen ninduen egia da euskaldun asko zeudela. [Barrez]. Baina horixe, xelebre samarra izan zen Euskal Herrian, orokorrean, ez nauelako inork ezagutzen eta bat-batean han jende dezentek ezagutu ninduelako.
Lanari dagokionez, berriz, zer moduz zabiltza?
Alde handia dago. Batetik, profesionaltasun handia nabaritzen da. Esan beharra dago, hala ere, Kepa ez dela pertsonaia bat, zeina asko-asko ateratzen den; bigarren mailako pertsonaia dela esan daiteke. Orduan, ez zait egokitu lan karga handirik; beste batzuen aldean, behintzat. Esan nahi dut, beste batzuk egunean zortzi bat sekuentzia grabatzen dituzte; eta nik hiruzpalau egiten ditut.
Nola iritsi zara 'Irabazi arte' telesailean lan egitera?
Mundu honetan sartu eta ikasten hasi aurretik, txikitatik nuen ilusioa Go!azen-en sartzeko. Egin ditut bizpahiru casting orokor eta ez naiz hautatua izan; baina hirugarren castinga Irabazi arte-koek ere ikusi zuten eta irudituko zitzaien nahiko profil polita zela Kepa antzezteko. Deitu zidaten, casting zehatza egin nuen eta hautatu egin ninduten. Pixka bat kasualitatez iritsi zen. Ez nuen espero, baina horrelaxe etortzen dira aukerak.
Eta pozik al zaude aukerarekin?
Bai, oso. Taldea zoragarria da. Zorte handia dugu, azkenean, familia bat sortzen delako eta familia hori mantendu egiten delako gerora ere.
Programa filmatzean hainbat adinetako pertsonak elkartzen zarete. Aberasgarria al da?
Asko ikasten duzu. Gure telesailean Eriz Alberdi, Dorleta Urretabizkaia, Jose Ramon Soroiz... Sekulako aktoreak dira. Esperientzia handia dute eta asko ikasten dugu haiengandik. Ni, behintzat, besteak ez dakit eszenen grabaketan, hasieran, oso urduri jartzen naiz. Aldiz, haiek ikusten dituzu zein lasai dauden eta... Hori ere esperientziak emango du. Irabazi arte-n sartu aurretik egiten ditugu entsegu batzuk ikusteko ea zuzendariak zer nahi duen, zer ez... Eta Dorletak asko lagundu zidan hor mugitzen.
Antzezle izatetik zer da gehien atsegin duzuna?
Gauza asko gustatzen zaizkit; baina, gehien-gehien, familia moduko bat sortzen dugula. Horrez gain, pertsonaia asko interpretatzeko aukera ematen duela eta zuk sekula imajinatuko ez zenukeen pertsonaia hori zerorri izan zaitezkeela.
Eta, kontrara, zer gustatzen zaizu gutxien?
Bada, hain justu, pertsonaiak prestatzea. Prestaketa hori egiteko pertsonaiaren istorioa imajinatu behar duzu, galdera asko egin behar dizkiozu zeure buruari pertsona horri buruz... Horrek guztiak bere lana dauka eta, gehienbat, mahai lana izaten da. Lan mota hori da gutxien gustatzen zaidana.
Nondik datorkizu antzerkiari buruzko interesa?
Egia esan, txikitatik. Egia da barruan mantendu dudala, eta ez dudala atera bi urte hauek iritsi arte edo. Azkenean, beti dago hor etxeko presioa edo: ez dakizu gurasoek nola hartuko duten. Azken batean, ez da sartzen «betiko lan» horietan; apartekoa edo da pixka bat, ezberdina. Aktore izan nahi duzula entzuteak hainbat gurasori ez die grazia egingo. Baina, nire kasuan, ondo hartu zuten eta hortik aurrera nire bidea jarraitzen ari naiz.
«Aktore izan nahi duzula entzuteak hainbat gurasori ez die grazia egingo»
Ikus-entzunezkoaz gain, erakartzen al zaitu beste antzezpen motaren batek?
Pixka bat denetik egitea gustatuko litzaidake. Eskolan lantzen ditugu hainbat diziplina: clowna, antzerkia... Gutxien lantzen duguna da, berriz, ikus-entzunezkoetarako antzezpena. Baina, esan bezala, gustatuko litzaidake pixka bat denetik egitea.
Lana eta ikasketak uztartzen dituzu. Nola daramazu hori?
Ez da uztartzeko bereziki zaila. Irabazi arte, adibidez, udan grabatzen dugu. Beraz, ikasturtean ikasketetan zentratzen naiz eta udan lan egiten dut. Nahiko ondo moldatzen naiz. Gainera, klaseetara joatea ia jolaslekura joatea bezala da guretzat. Izugarri disfrutatzen dugu eta horrelako lekuetan egotea ia psikologora joatea bezala da guretzat: aukera ematen digu husteko, emozioak botatzeko, deskonektatzeko... Aukera ematen du disfrutatzeko, eta hori bikaina da.
Etorkizunera begira, aldiz, non irudikatzen duzu zeure burua?
Bueno, helburu handirik ez dut momentuz. Niri antzerkia gehiago gustatzen zait, azkenean, zuzeneko edo aurrez aurreko antzezpen horrek beste indar bat ematen dizu. Baina aukera izanez gero ez nuke baztertuko beste telesailen batean edo filmen batean parte hartzea. Lana dagoen bitartean ez gara kexatuko, eta pozik egingo dut proiektua handia zein txikia izan.
Ikus-entzunezko eskaintza orokorrari dagokionez, askoz pisu handiagoa dute erdarazko edukiek euskarazkoen aldean. Nola ikusten duzu egoera?
Esan gabe doa antzezleoi zuzenean eragiten digula horrek: lana lortzera bidean casting asko erdaraz egin behar izaten ditugu. Gainera, pentsa, herri txikietakoak garenoi erdaraz hitz egitea dezente kostatzen zaigu [Barrez]. Baina bueno, behin testua ikasita eta landuta nahiko erraz eramaten da.
Dena dela, beharrezkoa da euskaraz gauza gehiago egitea. Alde horretatik erdaraz lan egitea egokitzen bazaigu egin beharko dugu, eta kito. Baina nik euskaraz gustu handiagoz egingo nuke lan.
Aipatutakoez gain ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Nire gauzak idazten ari naiz; egia esan, ez da oso urte ona izan niretzat. Udan, hain justu grabaketak egiten ari nintzenean, nire amona hil zen eta handik hilabete batera nire izeba bat. Niretzat pertsona garrantzitsuena nire bizitzan; minbiziagatik hil zen. Bada, pixka bat horren inguruan ari naiz lanean: doluaren eta antzeko gaien inguruan antzerki bat idazten ari naiz. Luzerako emango du, oraindik asko geratzen da eta ez dakit aterako den ere; baina ilusioa egiten dit, gehienbat, nire izebarentzako omenaldi bat izango delako. Horrekin nabil lanean, baina pazientziarekin hartzen ari naiz, horrelako proiektuek bere denbora behar baitute.
«Doluaren eta antzeko gaien inguruan antzerki bat idazten ari naiz»
Oholtza gainean egoteaz gain, idaztea ere atsegin duzu, beraz.
Bai, gustatzen zait. Orokorrean ez zait gustatzen nire sentimenduei buruz hitz egitea jendearekin, baina idaztea ateratzen zait; eta idazten dituzun gauza horiek baliatu ditzakezu horrelako gauzetarako.