Ekhi, Xuar, Jone eta Noa. Lau ume eta aurki hasiko den beste bat daude izena emanda Hernialdeko Haurreskolan. 0 eta 3 urte arteko 10 haurrentzako tokia dute bertan eta Maitane Beloki eta Itxaso Larrañaga hezitzaileek ezagutzera eman nahi dute bertan eskaintzen duten zerbitzua. «Familia berriak etorri dira Hernialdera bizitzera eta haientzat zerbitzu ezin hobea da. Etxe ondo ondoan dute haur eskola bat», esan du Belokik. Datorren ikasturteari begira, sei ume izango dituztela aurreikusi dute baina izena eman nahi dutenek aukera izango dute apirilaren 22tik maiatzaren 10era. Interesatutako gurasoei espazioa eta euren lana erakusteko prestutasuna adierazi dute hezitzaileek.
Abantaila handi bat du Hernialdeko Haurreskolak Larrañagaren hitzetan: kanpo espazioa. Enparantza auzoko 17. zenbakian kokatua dago, garai bateko apaiz etxean, eta kaletik itxitura bat zeharkatuta umeek jolaserako toki zabala dute. «Eskolak duen altxorrik handiena da guretzat. Ia egunero ateratzen gara umeekin kanpo espaziora», esan du Belokik. Udalak etxetxo bat atondu du, berriki, umeek bertan jolas dezaten.
«Udaletik erraztasun guztiak ematen ari zaizkigu, haientzat ere herria bizirik mantentzeko estrategikoa da haur eskola indartsu egotea», azpimarratu du Belokik. Pozik azaldu dira hezitzaileak eta pribilegiotzat jo dute bertan lan egitea: «Abantaila da guretzat, ume gutxi egonik arreta pertsonalizatua eskaini diezaiekegulako».
Haurrak erdigunean
Haurra erdigunean jarri eta haien beharrak asetzen saiatzen dira Hernialdeko Haurreskolan. «Mugimendu librean sinesten dugu, egituratu gabeko jolasak dauzkagu, ahalik eta material naturalena erabiltzen dugu eta altzari guztiak umeen altueran jarrita daude», dio Belokik. Manipulaziorako esperimentazio mahaia daukate eskolaren sarreran eta Larrañagak aipatu du eskolatik kanporako txangoak ere egiten dituztela; herriko animaliei jaten ematera, herriko parkera edota frontoira egiten dituzte irteerak.
Eskola barruan, jolaserako espazio zabal bat, sukaldea, aldagela eta logela dituzte umeek. Etxe giroa sortzen saiatzen direla aipatu dute bi hezitzaileek. 15:00 arte egiten dute lan, baina ateak 08:00etan zabaltzen dituzte eta umeak 14:00 aldera egiten dute martxa.
«Konpromisorik gabe» eskola herritarrei erakusteko prest agertu dira Beloki eta Larrañaga. 943 05 32 80 telefonoan izango dute gurasoek zerbitzuaren inguruko informazio gehiago.