«Zerbait egiten ez bada herri txikiak hilko dira»

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 2a, 07:58

Gazte Festak antolatzen zituzteneko garaiak ditu gogoan Luis Arana Goyak (Hernialde, 1977) eta gaur egungo gazteei konpromiso gehixeago eskatu die. Gertuago nahi lituzke herriko dinamikan eta baita udalean ere. 

Nola baloratzen dituzu Herniope taldeak udal hauteskundeetan lortu zituen emaitzak?

Gustura gaude. Gainera bi kide berri sartu dira, gazteak. Herri txikietan zaila izaten da jende berria biltzea eta pozik gaude horregatik. Inork konpromisorik hartzen ez badu, akabo. Orain arteko alkate Aitor Zubillagak alkateorde jarraituko du eta alkateorde bezala lau urtetan aritu ondoren, ni jarri naiz orain alkate. Paper trukaketa moduko bat izan da.

Aurreko legealdian bailaraz bailara herri bilerak egiteko dinamika abiatu zenuten. Jarraitzeko asmoa duzue legealdi berrian?

Bai. Guk beti esan izan dugu udala ez dela zazpi pertsonen artean egin beharreko lana. Udala herritar guztiena da eta hemen gauden zazpi lagunok ez dakigu zeintzuk diren herrian dauden behar guztiak. Horregatik urtean pare bat alditan bilerak egin nahi ditugu herritarrekin, zein behar dituzten jakiteko. Askotan eskatzen digutena gauzatzea ezinezkoa izaten da, ekonomikoki bideragarria ez delako, baina lehen eskuko informazio hori edukitzea guretzako garrantzitsua da eta saiatuko gara ahal den neurrian herritarren eskakizunak betetzen. Bileren dinamika honi jendeak oso ondo erantzuten dio, guk espero baino hobeto, beraz, bide horretan jarraituko dugu. Garrantzitsua da guretzat elkarrekin lan egitea.

Banatuta dago herria auzo ezberdinetan, baina herri giro gehiena herrigunean bilduko da, ezta?

Bai. Hernialde bi herri bezala direla esango nuke. Beheko auzoetakoek joera gehiago dute Tolosa aldera joatekoa, goiko partean bizi direnak, berriz, plaza aldean geratzen dira. Dena den, herri giroa sortzea zaila gertatzen zaigu eta gagoen giro apurra hemen plaza inguruan sortzen da; hemen daude udaletxea, elkartea, ostatua eta baita haur eskola ere.

Haur eskola zabaldu zenuten aurreko agintaldian, orain eskola txikia zabaltzeko pausoa emango duzue?

Saiatu ginen horretan aurreko legealdian, baina familia batzuek nahiago izan zuten euren umea eskola handiago batetara eraman; proiektua bertan behera geratu zen. Pena da guretzat, eskola baten bueltan herri giroa sortzen dela iruditzen baitzaigu udal taldekooi. Inguruko herrietan ikusi izan dugu. Momentuan asmoa horretan geratuko da; orain, haur eskolan badabiltza umeak, jaioberriak ere badaude herrian eta bidean badatoz beste batzuk. Eutsiko diogu.

Umeak etorri daitezen, gazteek herrian bertan geratzeko aukera izan behar dute. Aurreko legealdian 10 etxebizitza berri egin ziren. Gehiago egiteko asmorik bai?

Agintaldi honetan aztertuko dugu. Guri proiektua gauzatzea tokatu zaigu lau urteotan, eraikitzeko etxebizitza bat falta da, baina gainerakoak bukatuta daude eta sei bat familia jarri dira dagoeneko bertan bizitzen. Aurrena pisuak zeuden pentsatuta, gero txaletak nahiago izan zituen jendeak eta nahiko pilatuta geratu dira azkenerako. Hurrengo fase baterako interesa dutenek horrelako gauzak kontuan hartu beharko dituzte. Izan ere, etxebizitza proiektu honen bigarren fasea jasota dago hirigintza planean, hain justu, errepidearen bestaldean, duela urte batzuk egindako txaleten beheko partean beste hainbeste etxe egitea dago aurreikusita. Lan horietan hasi aurretik, ordea, herriko gazteekin hitz egin nahi genuke, bertan geratzeko zein asmo duten jakiteko. Oso toki polita da Hernialde, baino lekutan dago; eguraldi onarekin ederra da, baino neguan gora eta behera ibili beharra dago eta hemen, adibidez, ez dago saltokirik. Hemen geratu nahi duenak horretarako konbentzituta egon behar du eta iruditzen zait bertakoa izan gabe, zail xamarra dela hemen egokitzea. Gazteekin hitz egin ondoren borondatea badagoela ikusten badugu agintaldi honetan lanketarekin hasiko ginateke, besteak beste, lur sail horien jabeekin hitz egiten. 

Azpiegitura baten falta sumatzen al duzue herrian?

Ez. Osatuta gaudela esango nuke, baina dauzkagun azpiegiturak mantentzea egiten zaigu zaila. Esate baterako, ludoteka dagoen tokian ikastaroak eskaintzen dira eta lokala zaharkituta dagoenez berritu egin nahi genuke baino ez dugu baliabiderik horretarako. Apaizetxea ere erosi genuen, beheko partean haur eskola dago, baino eskolarik jarriko ez dugunez eraikin guztia hutsik geratuko da eta bertan zerbait jarri nahi badugu dirua beharko dugu. Berdin frontoia berritzeko; ez guk nahi adinako berrikuntza, baina laster hasiko dira hezetasunak kendu eta konponketa batzuk egiteko lanak pilotalekuan. Diru laguntzen menpe egoten gara horrelakoetan, ahalmen oso txikia izaten baitugu udalerri txikiok obra handiagoetan sartzeko. Borroka batean ibili behar izaten dugu baita herri bideak konpontzeko ere. Oso egoera txarrean daude eta bide horietako askotan ezin dira bi auto pasa aldi berean, atzeraka eta aurreraka ibili behar izaten dute eta arrisku bat da herritarrentzat.

Zer eskatzen duzue udal txikiok?

Konpromiso handiagoa agertu beharko lukete erakundeek herri txikiokin. Gipuzkoako Foru Aldunditik ezer gutxi egiten da. Hainbesteko egiturak sortu dituzte ja ez zaiela herri txikientzako ezer geratzen, hona iritsi aurretik diru guztiak xahutzen dituzte. Ikusi bestela zenbat diru gastatu duten AHT eraikitzen, gero ezertarako. Goitik joan beharko dira gauzak aldatzen. Foru funtsetik etortzen zaigun dirua, gastu arruntak eramaten du eta funtzionamendu oinarrizkoena mantentzeko baino ez digu ematen. Uste dut aberastasun hori hobeto banatu beharko litzatekeela. Herri txikiok ez dugu bestelako diru iturririk, ez badira herritarren zergak eta foru funtsa. Zerbait egiten ez bada herri txikiak hiltzen joango dira.

Ingurune natural ederrean bizi zarete. Turismoa izan daiteke garapen ekonomikorako motorra?

Zaila ikusten dut, hor ere beste norabide batean ikusten ditut indarrak. Adibide bat jarriko dut: asko famatu dute Tourra nola pasa den eskualdetik eta zenbat aberastasun utzi duen hemen. Non ordea? Bide guztiak itxi zituzten eta herriko jatetxeek ezin izan zituzten ateak zabaldu. Aberastasuna dakarrela horrelako ekitaldi batek? Bilboko edo Donostiako bi hoteli? Hernialdeko herrian behintzat galera utzi du.

Datozen lau urteetarako zein proiektu duzue esku artean?

Ur hornidurari heldu nahi genioke. Gu ez gaude Gipuzkoako Uraken sartuta, herriko ura daukagu eta herritarrek ur hori mantentzea eskatzen digute. Naturak ematen diguna da, menditik datorrena, eta horri eutsi nahi diogu. Hodiak zaharkituta daude eta azkenaldian arazo asko ematen ari da. Depositutik hasi eta herriguneko hoditeri guztia aldatzeko aurre-proiektu bat eskatu dugu ikusteko zenbateko gastua suposatuko ligukeen berrikuntza horrek. Aldiro-aldiro uraren presioarekin hodiak lehertu egiten dira eta hori konpontzeak gastua dakarkio udalari. Konponketak geroz eta maizago egin behar izaten ditugu eta pentsatzen dugu hoditeria berrituta horrelakoek ekidin ahal izango ditugula. Gainera matxuraren bat gertatzen den bakoitzean ura moztu behar izaten dugu, sistema ez dagoelako sektoretan banatuta. Egokitzapena egingo bagenu hori ere aldatuko genuke. Horrelako lan bati ekiteak inbertsio handia eskatzen digu. Esan digute laguntzak badaudela horrelako lanetarako eta saiatuko gara horiek eskuratzen.

Beste asmorik baduzue lau urteetarako?

Lur sailen digitalizazioa ere egin nahi dugu. Belaunaldi helduenak desagertzearekin batera sail bakoitza non dagoen eta zein muga dituen jakiteari utziko diogu martxa honetan, katastroak ere hala moduz funtzionatzen duelako. Diru laguntzak ematen dituzte orain, satelite bidez lur bakoitzaren mugak non dauden markatzeko eta jasota geratzeko. Aurretik ere norberak egin beharko du lanketa eta hori prestatzeko herri bilera bat egiteko asmoa dugu.

Eta herritarrei zer esango zenieke?

Badago guraso talde bat eta gauza asko antolatzen dituzte, besteak beste, eguberrietako ekitaldiak eta. Faltan botatzen dudana da gazteen aldetik antolaketarako konpromiso hori. Egia da laguntzeko gero denak daudela prest, baina aurreko lan hori izaten da askotan zailena. Eguna iristerako lan asko egin beharra dago eta ondoren ere bai. Fundamentu handiko gazteak badaude herrian, baino kosta egiten da beste batzuk mobilizatzea.

Erlazionatuak

Luis Arana, Hernialdeko alkatea

Jon Miranda Labaien 2023 aza 02 Hernialde

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!