Eskola txikia sortzeko lehen urratsak eman dituzte Hernialden

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 17a, 14:59

Eskola txikiaren proiektuari buruzko informazio-hitzaldia egin dute gaur, udaletxean; dozena bat herritar bildu dira bertan.

Hernialdeko Udalak Eskola Txikia sortzeko lanean dihardu. Irailean jarri zuten martxan 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur eskola eta hurrengo helburua 2023ko irailetik aurrera herrian eskola zerbitzua lortzea izango da. Horretarako Hernialdeko Eskola Txiki berriaren proiektua aurkezteko hitzaldi informatiboa egin dute gaur, udaletxeko bigarren solairuan.

Hernialdeko zein beste udalerrietako familiei zuzendutako saioa izan da eta lehenik Zizurkil, Larraul eta Alkizako eskola txikietan lan egiten duten profesionalek hitz egin dute. Euren udalerrietan hezkuntza nola eraldatu duten eta nola eraldatzen ari diren azaldu dute. Hernialdeko Eskola Txikiaren ildo nagusiak ere aurkeztuko dituzte saioan, eta eskolak egoitza bezala izango duen eraikinera bisita egin dute amaieran.

Udal ordezkarien esanetan, «ezinbestekoa» da herrian eskola txiki bat sortzea, herriaren garapen osasuntsuari begira eta herria berpizte aldera. «Herriak eta eskolak elkarren beharra dute. Eskola funtsezkoa da ume horiek herrian errotu daitezen. Hernialde bizirik iraunarazteko premiazkoa da. Umeek eta gazteek dakarte bizitza herrira».

Halaber, udalarentzat ezinbestekoa da umeek txikitatik naturarekin harreman bat eraikitzen joatea, errespetu eta elkarren zaintzan oinarritutakoa. «Gizarteak natura behar du osasuntsu bizitzeko. Hernialdeko Eskola Txikiko umeek aukera izango dute goxotasunez, lasaitasunez eta naturaz inguratutako testuinguru pedagogiko batean garatzeko. Haur bakoitzak bakarkako jarraipena jasoko du. Ziur gaude adin tarte ezberdinen elkarketak aberastu egingo dituela eta guraso zein irakasleen arteko harreman estua eraikiko dela. Eskola bat izango da, non eskakizun kurrikularra ume bakoitzaren garapenera eta bizi den landa ingurunera moldatuko den».

Hernialdeko Udalak duela urte pare bat Hernialde Berpizteko Plana jarri zuen martxan. «Ikusten genuen alde batetik herrian geroz eta adin nagusiko jende gehiago zegoela, eta beste aldetik, herriko gazteak eta umeak zituzten familiak, beste udalerri batzuetara joaten zirela». Hain zuzen herriko familiek eskatuta heldu diote erronkari: «Eskola Txikia irekitzea ezinbestekoa da herriarentzat, eta honenbestez, onura dakarkie herritar guztiei, izan familia, gazte, ume edo adineko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!