64 korrikalari gurpilen gainean, rolleski igoeran

Irati Saizar Artola 2022ko urr. 23a, 07:59

Skating modalitatean Imanol Rojo eta Irati Cuadradok irabazi dute, eta klasikoan Unai Sanz eta Naroa Amantegi izan dira Hernialdera iristen azkarrenak.

Atzo arratsaldean Rolleskian aritzen direnek Hernialdeko 21. Rolleski Igoeraz gozatzeko aukera izan zuten. Alpino Uzturre elkarteak antolatzen duen proban da, eta ohikoa den moduan bi modalitatetan lehiatu ziren korrikalariak: skatingean eta klasikoan. Denera 64 korrikalarik egin zuten Hernialderainoko bidea.

Skatingeko korrikalariak Tolosako Belate auzotik abiatu ziren eta 4 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Alpino Uzturreko Imanol Rojo izan zen lehen helmugara iristen 11.53ko denbora egin zuen, eta helmugaratzen lehen emakumea Irrintziko Irati Cuadrado izan zen, 16.49ko denborarekin. Beteranoetan Uharteko Mario Lavin saritu zuten, 15.40an helmugaratuta.

Klasikoko modalitatekoak Hernialdeko Bentatik abiatu ziren eta 3,2 kilometro egin zituzten aldapan gora. Modalitate horretako irabazlea Uharte taldeko Unai Sanz izan zen; 14.09 behar izan zuen helmugara iristeko. Alpino Uzturreko Naroa Amantegi izan zen lehen emakumea, 18.14ko denbora eginda. Harkaitz Labeaga eta Ainhoa Aquerreta izan ziren beteranoetan irabazleak, eta gaztetxoetan Irrintziko Jon Bea eta Alpino Uzturreko June Aranburu izan ziren bizkorrenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!