Haur eskola izango dute Hernialden datorren ikasturtean

Jon Miranda Labaien 2022ko mar. 10a, 11:59

Udalak apaizetxea eskuratu du eta beheko solairua egokituko du zerbitzua eskaintzeko; 2023-2024 ikasturtean herrian eskola txikia izateko elkarrizketetan ari dira

2022-2023 ikasturtean haur eskola zabalduko dute Hernialden. Udalak eskuratu berri duen apaizetxearen beheko solairuan eskainiko dute zerbitzua, herriko eta inguruetako 0 eta 3 urte arteko haurrentzat. Prestatu duten proiektu pedagogikoaren berri emateko eta eskolaren egoitza izango den eraikina bisitatzeko jardunaldia antolatu zuen udalak joan den larunbatean.

55 urte dira Hernialden eskola itxi zela. «Berriro ere haur eskola zabalduko den momentua oso pozgarria izango da guretzako», esan du Oihane Garmendia Bergaretxe zinegotziak. Gaur egun bospasei ume dituzte herrian 0 eta 3 urte bitartekoak baina hemendik gutxira gehiago izatea espero dute: «Aurreko legealdian hasitako proiektua ia gauzatzear dago eta aurki 10 etxebizitza berri izango ditugu herrian; gainera bigarren fase batean etxebizitza gehiago egingo dira, beraz, argi geneukan hona bizitzera etorriko diren familiei zerbitzu hori eskaini behar zitzaiela».

Premia hori ere adierazi dute herritarrek behin baino gehiagotan. Herrian zein behar dauden jakiteko udalak banatutako inkesten emaitzek argi erakutsi zuten: haur eskola baten beharra kokatzen dute hernialdetarrek lehentasunen artean aurreneko tokian. «Herri txikietako bizimoduan interesa dutenak animatu nahi ditugu. Bertan sustraituta egotea, ingurumenarekiko zuzeneko harremana edukitzea eta bertako kulturarekiko lotura izatea dira gure proiektuaren oinarriak. Bertako zein inguruko herrietako gurasoek kezka horiek konpartitzen badituzte beso zabalik hartuko ditugu», esan du Garmendiak.

PERMAKULTURAN OINARRITUA

Hernialdeko eskola izango denaren proiektu pedagogikoa prestatzeko Kiribilore elkartearen aholkularitza jaso du udalak. Permakulturan sakontzen duen elkartea da eta haurtzaroaren garapen osasuntsuaz arduratzen da Andrea Lopez de Pariza. Udalarekin elkarlanean joan dira proiektu pedagogikoa zehazten: «Umearen garapen osoa sustatzeko proiektua prestatu dugu. Gizakiak globalak gara eta globala dugu mundua ezagutzeko modua ere. Gizaki gisa behar batzuekin etortzen gara mundura eta garapen osoa eta osasuntsua sustatzeko egitasmoa prestatu dugu».

Herriari, kulturari eta lurrari lotutako eskola izatean jarri du azpimarra Garmendiak: «Argi geneukan hasieratik naturarekin lotutako eskola bat nahi genuela. Hiri handietara joatea ondo dago, baita teknologia berriak erabiltzea ere, baina iruditzen zaigu neurria jarri behar zaiola horri guztiari. Gaur egun indibidualismoa ari da nagusitzen eta ia ahaztuta daukagu zein bizimodu zeramaten gure aitona-amonek. Hernialdeko umeengan transmisio hori bermatu nahi genuen. Iruditzen zaigu ama lurrarekin harremana edukitzea eta herriko nagusienekin trukaketa hori sustatzea ezinbestekoa puntuak direla. Gurea bezalako herri txikien biziraupenerako gakoa da hori».

Lopez de Parizaren ustez, helduok badugu paisaiaren eta landa eremuaren ikuspegi orokortua baina umeek euren eskuetara heltzen den natura zatiarekin nahikoa dute. «Naturarekin harremanetan sartzeko ez dute izugarrizko parajea behar». Dena den, apaizetxearen ingurunean belardi zabala dago eta Hernialdek berak ere ingurune aberatsa eskaintzen die umeei.

APAIZETXERAKO ASMOAK

Bi urteren ondoren lortu du Hernialdeko Udalak apaizetxearen jabetza eta beheko solairuan kokatuko dute haur eskola. Egokitzapen lanak bere gain hartuko ditu udalak eta haur eskola hornitzeaz arduratuko da Haurreskola Partzuergoa. Datorren ikasturtean, irailetik aurrera egongo da martxan.

«Eraikina oso egoera onean dago. Aspalditik genbiltzan eskuratu nahian. Momentuz haur eskola beheko solairuan jarriko dugu, baina ikusiko dugu bigarren eta hirugarren solairuei zein erabilera eman. Ikastaroak eman edota bilerak bertan egiteko aukera ematen du tokiak. Joango gara pixkana zehazten», aipatu du zinegotziak. Hirugarren adineko pertsona asko bizi dira Hernialden eta haiekin pandemia hasieran abiatutako dinamika berreskuratu nahi dute orain. «Haientzat apaizetxean txoko bat egiteko aukera ere badarabilgu buruan».

Legealdia abiatu zenetik ikuspegi guztietatik herria eraberritzea izan da udal taldearen asmo nagusia, eta tartean, energia berrerabilgarrietan sakondu nahi dute. Horretarako Goiener kooperatibarekin ari dira lankidetzan. Asmo hauek guztiak gauzatzeko bidean, urrats garrantzitsua izango da haur eskola, baina jomuga harago jarri dutela aipatu du Garmendiak: «Guk prestatu dugun proiektu pedagogikoak 0 eta 12 urte arteko tartea hartzen du eta dagoeneko Hezkuntza Sailarekin hasiak gara harremanetan, hemendik gutxira, ahal balitz 2023-2024 ikasturtean, Hernialdek eskola txikia izan dezan».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!