Herriko artisten erakusketa ikusgai jarri dute udaletxean

Jon Miranda Labaien 2021ko uzt. 7a, 19:59

Uztailaren 30era arte ikusgai izango da herriko lau artisten erakusketa; astegunetan arratsaldez bisitatu ahal izango da eta larunbatetan goizez, udaletxeko ganbaran

Hernialdeko udaletxeko ganbaran ikusgai izango da datozen asteetan lau artisten lanez osatutako erakusketa. Manolo Arroyo kultura zinegotziaren ustez «gutxietsita» dago udaletxeko espazio hori eta egungo udal taldearen asmoa da gune hori dinamizatzea. Intentzio horrekin antolatu dute Hernialderekin lotura duten lau artisten lanak biltzen dituen erakusketa.

Iazko udazkenean Santa Kruz apaizari buruzko erakusketa jarri zuten espazio berean astebetez. «Pandemia betean antolatu genuen eta astebetez bakarrik egon zen jarrita. Horregatik ez zen jende gehiegi pasa bertatik», esan du Arroyok. Oraingo erakusketa egun gehiagoz izango da ikusgai, uztailaren 30era bitarte, hain zuzen.

Astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa udaletxeko ganbaran eta larunbatetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. «Iruditzen zaigu okasio polita izan daitekeela gure herrira buelta bat egin eta erakusketa ikusteko. Toki zoragarria da gurea. Eskualdeko jende guztiari luzatzen diogu etortzeko gonbita», esan du Hernialdeko kultura zinegotziak.

Maika Collado, Mari Carmen Niño, Joxe Leon Larrarte eta Xanti Fernandezen lanak dira egunotan ikusgai izango direnak udaletxean. Guztiek dute nolabaiteko lotura Hernialderekin. Larrarte ez beste sortzaile guztientzat lehenengo aldia da jendaurrean obrak erakusten dituztena. «Talentu handia dute eta iruditzen zaigu lan hauek erakutsi egin behar direla», esan du Arroyok. Oihalgintza arloko eskulanak, akrilikoan egindako koadroak eta egurrez egindako lanak izango dira ikusgai uztaila bukaera bitartean. Lan tradizionalagoak dira Larrarteren kasuan eta motibo berritzaileagoak Fernandezenak.

ERAKUSKETAN PARTE HARTU DUTEN SORTZAILEAK

XANTI FERNANDEZ. Zurgintza

Donostia eta Hernialde artean egin du bere bizi guztia, itsasoa eta mendiaren artean. Horregatik egurrez egindako arrainak zein txoriak ikusi daitezke bere lanen artean.

Duela dozena bat urte hasi zen egurra lantzen afizio gisa eta orain arte ez ditu bere lanak inon erakutsi. «Egur taila tradizionalak ez nau hainbeste betetzen, nik nahiago dut egurra hartu, ideia batetik abiatu eta lan sortzailea egin».

Oteizaren obra baten erreplika ekarri du Hernialdera, baina bestelakoan, egunerokotasunean abiapuntua duten formak lantzen ditu egurrean. «Niretzako aritzen naiz eta lotsa ematen dit lanak salgai jartzeak». Aimar bilobarekin tailerrean landu duen etxola moduko bat ere ekarri du Hernialdera.

MARI CARMEN NIÑO.  Margogintza

Hiru urte daramatza Hernialden bizitzen. Guztira 43 koadro eraman ditu Hernialdeko erakusketara eta horietatik gehienak, azkeneko urtebetean egindakoak dira.

Margogintza betidanik gustatu izan zaiola esan du Niñok eta autodidaktatzat du bere burua. «Noizbait aritu izan naiz Sukrus Karakusekin, batez ere marrazketa lantzen». Argizariz egindako lan gutxi batzuk jarri ditu ikusgai Hernialden, baina gehienak akrilikoan egindako koadroak dira.

Era guztietako motiboak erabiltzen ditu bere lanetan. Hernialde bertako eta inguruetako paisaiak, animalien erretratuak eta margo abstraktuak egiten ditu. Cezanne edo Monet bezalako artisten kopiak ere egiten ditu.

JOXE LEON LARRARTE. Zurgintza

Ibartarra da jaiotzez, nahiz eta Anoetan bizi den. Orain egurrarekin egindako bere lanak jarri ditu ikusgai Hernialden: bastoiak, koadroak, erlojuak eta era guztietako pitxiak. «Arotza izan naiz eta erretiroa eman zidatenean hasi nintzen lan hauek egiten».

Egurra erabiltzen du gehienbat baina poliespana ere lantzen du. «Azkenaldian material hori erabiliz egin ditut onddo moduko batzuk eta baserri baten erreplika ere bai». Ikusgai jarritako lan guztien artean gerezi beltzaren egurrarekin egindako Gernika koadroaren erreplika du gustukoen. 110 urte ditu egurrak.

Zizurkil, Altzo, Bedaio, Asteasu eta Ibarrako azoketan salgai jarri izan ditu bere lanak eta orain Hernialdeko udaletxean ikus daitezke.

MAIKA COLLADO. Joskintza

1989tik bizi da Hernialden. Betidanik gustatu izan zaizkio eskulanak eta duela urtebetetik hona kakorratz lanak egiten dihardu. «Interneten eta Youtubeko tutorialekin ikasi dut batez ere».

«Lasaigarri eta lagungarri» zaio joskintza Colladori eta konfinamenduan egindakoak dira Hernialdeko udaletxean ikusgai jarri dituen lan gehienak. «Denbora pasa gisa hartu nuen, bilobak ikusi gabe pasa beharreko denbora eramangarriagoa egiteko».

Oihal eta hariak eskuratzeko ezintasunak birziklatutako materiala erabiltzera bultzatu du. Kakorratz-lanen artean umeentzako panpinak eta landareak egin ditu eta birziklatutako oihalekin, berriz, nezeserrak eta poltsak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!