Bailaraz bailara herritarren iritziak bilduko ditu Hernialdeko Udalak

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 10a, 11:59

Otsailean egindako osoko bilkuran onartu zuen udalak 2021eko aurrekontua; bilerak antolatuta, udal jardunean herritarren parte hartzea sustatu nahi dute aurten

Hernialdeko Udalak 474.000 euroko aurrekontua izango du 2021ean. Kopuruaren zati handiena, pertsonal eta funtzionamendu gastuetarako baliatuko du udalak eta 120.000 euro gordeko ditu inbertsio berrietarako. Aitor Zubillaga alkateak nabarmendu duenez, aurrekontuan txertatutako proiektuetako batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeetan laguntzak eskatuko ditu udalak eta behin iazko kontuen likidazioa egin ondoren kreditu aldaketak egingo ditu lan horiek finantzatzeko.

Herri bideak konpontzera bideratuko du udalak partidarik esanguratsuena. 50.000 euroko atala zabaldu dute aurrekontuan, Txingurri bailarako bi etxebizitzetara doan bidea konpontzeko eta ur depositu inguruko bidean egokitzapenak egiteko. «Ikusten dugu luizi baten arriskua dagoela, eta hori gertatu aurretik neurriak hartu nahi ditugu», esan du Zubillagak. Lan horiei aurre egin ahal izateko diru laguntza eskaera egingo du Hernialdeko Udalak.

Aurtengorako beste asmo bat gauzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren Leader programaren bitartez laguntza jasotzea espero du alkateak. Herrian komun publiko berriak egin nahi dituzte: «Gaur egun irisgarritasun eskasa dute eskola zaharreko komunek eta herritar guztientzako modukoak egin nahi ditugu, elkartearen eta parkearen artean». 20.100 euroko aurrekontua du proiektuak.

Beste inbertsio batzuk ere zerrendatu ditu Zubillagak: zaharkituta geratu diren postontziak aldatzeko 8.000 euro erabiliko dituzte eta udalerako makinaria berria erosteko, berriz, 4.000 euro.

PARTE HARTZEKO DEIA

Hernialdek 310 biztanle ditu gaur egun Txingurri, Olotza, Izarre eta San Migel bailaratan banatuta eta plaza inguruko Enparantza, Elizburu eta Agamuino auzoetan. Hemendik gutxira, biztanle berriak iritsiko dira herrira, Agina kalean egingo diren etxebizitza berrietan 10 familiek izango baitute bizitokia.

Herriari «bizitasuna» ematea da udal ordezkarien nahia eta Hernialden familia berriak izatea lagungarria izango dela uste dute. «Plaza inguruko etxebizitzak egin zirenetik urteetan ez da ia umerik jaio. Iaz bost haur jaio ziren herrian eta espero dugu hurrengo urteetan gehiago izatea. Umeek gurasoen arteko harremanak estutu egiten dituzte eta herriari beste poztasun bat ematen diote», aipatu du Zubillagak.

Herritarren parte hartzea sustatzeko ahaleginean dabiltza Hernialdeko udal ordezkariak eta horretarako dinamika bat jarri dute martxan. Iazko abuztuan herri bilera baterako deia luzatu zitzaien herritarrei eta erantzun polita jaso zutela aipatu du alkateak: «Deialdi zabala egin genuen eta 30 herritar inguru gerturatu ziren. Bertaratutakoei inkesta bat luzatu genien herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta lehentasunezkoak zeintzuk diren azpimarratzeko». Emaitzak jaso dituzte eta orain bailaraz bailara bilerak egiten ari dira udal ordezkariak emaitzak kontsultatu eta auzo bakoitzeko beharren inguruan hitz egiteko.

Olotza bailarakoekin aurreko astean bildu ziren udal ordezkariak eta hurrengo hitzorduak laster zehaztuko dituzte. Amaieran, hitz egindakoak komunean jarri eta eginbeharrak adosteko bilera ireki bat egiteko asmoa dute, osasun egoerak baimentzen badu behintzat. «Gustatuko litzaiguke herritarrek euren iritzia ematea eta euren proposamenekin udaletxera gerturatzea. Azken batean, guztion ardura da herria aurrera ateratzea eta herritarren eta udal ordezkarien arteko elkarlanarekin bakarrik aterako dira proiektuak aurrera», nabarmendu du Zubillagak.

GAKOAK

Herri bideak. Konponketa lanak egitera 50.000 euro bideratuko ditu udalak.

Komun publikoak. Herriko elkartearen eta parkearen artean eraikiko ditu udalak komun publiko berriak, horretarako 20.100 euro baliatuta.

Postontzi berriak. Gaur egun dauden tokian jarriko dituzte. 8.000 euroko inbertsioa izango da.

Tresneria berria. Herriko mantenurako makineria erosiko du udalak. 4.000 euro gastatuko ditu horretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!