Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi (Elduain, 1842 - Pasto, Kolonbia, 1926) haurtzaroan umezurtz geratu eta amaren aldeko osaba baten laguntzari esker Gasteizko apaiztegian ikasi eta apaiztu zen. 1866an, Hernialdera bidali zuten lanera eta bertako erretore zela atxilotzera etorri zitzaizkion 1870eko urriaren 6an, gaur 150 urte. Data hori gogoratuz erakusketa jarri dute Hernialdeko udaletxeko ganbaran, garai hartako hainbat material bilduz. Larunbata bitartean ikusgai izango da, 10:00etatik 13:00etara.
Manolo Arroyo Hernialdeko kultur zinegotzia da eta bildumazale porrokatua. Urteetan bildu duen materiala da erakusketan ikusgai dagoena eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak eta Lizarrako Karlismoaren ingurukoak utzitakoak ere jarri ditu kultura aretoan, partikularrek utzitako beste zenbait objekturekin batera. Arroyoren ustetan Santa Kruz apaiza da Hernialde mapan kokatzen duen «gauza gutxienetako bat» eta horregatik, atxilotzera etorri zitzaizkiola 150 urte betetzen diren astean erakusketa jartzea erabaki dute.
1870eko urriaren 6ko eguna gogoratu du Arroyok: «Goizeko 07:00etan meza ematen ari zela etorri zitzaizkion guardia zibilak bila. Santa Kruz apaiza Olotza baserrian zegoen ostatu hartuta eta apaiz etxea erreta zegoenez, Olotzara joan-etorria egunero egin beharrean, egunero hamaiketakoa Urrutikoetxea baserrian egiten zuen. Guardia zibilei eskatu zien ea hamaiketakoa egin ote zezakeen atxilotuta joan aurretik. Baiezkoa eman zioten eta Urrutikoetxean zela apaiz jantziak erantzi eta baserritarrarenak jantzi zituen. Handik atera, eta arto sail batean barrena alde egin zuen Tolosara guardiak konturatzerako. Gero Iparraldean hartu zuen babes».
Momentu horretan abiatzen da mitoa Arroyoren ustetan. Handik bi urtera itzuliko zen Hego Euskal Herrira eta kapilau ibiliko zen. Pare bat porrotaldiren ostean, 1872ko abenduan muga berriro igaro zuen, eta 50 laguneko taldetxoa bildu zuen borrokarako. «Kapilau zebilela ikusten zuen ejerzito nazionalari aurre egiteko modua ez zela hori eta soldadu-partida osatu zuenean, beste molde bat hartu zuen borrokarako, gerrilla gisara antolatu zituen bere gizonak».
GARAIKO ALTXORRAK BILDUTA
Sei egunez ikusgai izango den erakusketan Santa Kruz apaizak gidatzen zituen gudari taldeetan erabiltzen zituzten materialak topatu daiteke: jantziak, danborrak, kantinplorak, zigiluak, munizioak... Horrekin batera, Arroyok garaiko prentsako aleak jaso ditu, non Santa Kruz apaiza karikatura eginda agertzen den: «Egon ziren apaiz gehiago ere borrokara jo zutenak, baina Santa Kruz apaizak bildu zuen fama, gaitz guztiak egozten zizkioten eta irudi beldurgarria sortu zuten bere inguruan».
Pertsonaia polemikoa izan zen, «ez bakarrik etsai zituen liberalentzat, baita karlistentzat ere». Asko idatzi eta hitz egin da Santa Kruz apaizaz, eta bi film ere egin ditu Jose Mari Tuduri tolosarrak gaiaren inguruan. Pelikuletarako erabilitako jantziak eta afixak ere jaso dira erakusketa honetan.