Koronabirusa

San Joan sua eta Andra Mari jaiak bertan behera utzi dituzte Hernialden

Ataria 2020ko ekainaren 20a

Iazko festetan egin zuten zirku tailera

COVID-19aren egoeraren aurrean hainbat erabaki hartu behar izan ditu udal taldeak. "Ez dugu herritarren osasuna arriskuan jarri nahi eta ondorioz, hartu ditugun neurriak dira", adierazi dute udal ordezkariek.

San Joan sua bertan behera utziko dute, beraz, eta baita ere abuztuan ospatzen dituzten Andra Mari jaiak ere. Herritarren artean udal taldeak zabaldu duen ohar batean adierazi duenez, pandemia murrizten bada eta arriskurik gabe ibiltzeko aukera balego, aste kultural bat ospatu nahi lukete urrian, "urte arraro honi kolore pixka bat jarriz". Aukeren artean aipatu dute, Santa Kruz apaizaren 150. urteurrenaren harira ekitaldi sorta bat antolatzea. "Ondo garela urrian elkartzeko aukera izango dugu, eta ospatuko dugu behar den bezala".

Hernialdeko Udalak, bestalde, salatu du aurten Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztu izanak eragin handia izango duela aurrekontuan. "Hernialde bezalako herri txikiek ez dugu beste diru sarrerarik eta ezin dugu murrizketa hau onartu". Gipuzkoako beste hainbat herri txikirekin batera, galdutako finantziazioa berreskuratzeko lanean dabil udala.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!