Ertzaintzak kalamuaren hazkuntzan eta trafikoan aritzen zen "talde kriminal bat" desegin du Hernialden

Ataria 2020ko ekainaren 11

Murgian (Araba) eta Hernialden atzo egin zuten drogaren aurkako polizia operazioa. Albalate de Zorita (Guadalajara, Espainia) herrira ere zabaldu da operazioa, eta bertan Guardia Zibilak parte hartu du, Barne Saileko iturrien arabera.

Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, operazioan guztira 7 pertsona atxilotu dituzte eta hiru ikerketapean geratu da. Bestalde, bi kalamutegi aurkitu dituzte, guztira 1.400 landare, Hernialden eta Guadalajaran, eta 40.000 eurotik gora atzeman dituzte: "Taldeak Euskal Autonomia Erkidegoan banatzen  zuen droga".
 

 

ERTZAINTZAREN KONTAKETA:

"Joan den maiatzaren 7an Gasteizen egindako operatiboan ertzainek hiru gizon atxilotu zituzten eta bi emakume inputatu zituzten osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta.

Arabako hiriburuko bi etxebizitza miatu zituztenean, polizia-dispositiboak, epaileak gainbegiratuta, marihuana-kukuluak, 2 kilogramo, eta 23.000 euro atzeman zituen.

Jarduketa horren ostean Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTA) ikertzen jarraitu zuen atxilotuen hornitzaileak identifikatzeko helburuarekin. Ikerketa horri esker, atzo beste operatibo bat garatu zuten aldi berean Murgian, Hernialden eta Albalate de Zoritan (Guadalajara), eta Esku Hartzeko eta Txakur Unitateko agenteek, Brigada Mugikorreko Bizkor patruilak eta Oriako eta Gasteizko ertzain-etxeetako agenteek parte hartu zuten.

Hernialdeko baserrian sartu eta miaketa egin zutenean, 400 marihuana-landare aurkitu zituzten eta gizon bat atxilotu zuten.

Bestalde, Albalate de Zoritan Guardia Zibilak, SICTAko agenteak aurrean zirela, bi txalet miatu zituen eta bi pertsona atxilotu zituen. Eraikinetako batean 1.000 marihuana-landare aurkitu zituzten, eta bestean plantazio handi baterako beharrezko material guztia zuen azpiegitura bat.

Azkenik, Murgian gizon bat atxilotu zuten eta emakume bati eginbideak hasi zizkioten ikertu gisa. Euren etxean 16.000 euro eta Guadalajarako txaletekin zerikusia zuten agiriak aurkitu zituzten. Bi pertsona horiek maiatzaren 7ko operatiboan atxilotu zutenetako batekin erlazionatzen dituzte.

Taldeak Euskal Autonomia Erkidego osoan saltzen zuen droga. Pertsona horiei guztiei substantzia sorgorgarrien trafikoa, argindarrarekin iruzur egitea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu dizkiete. Atxilotuak Ertzaintzaren egoitzetan daude, epailearengana eraman zain".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!