Koronabirusa

Hernialdeko Udalak neurriak hartu ditu COVID-19a dela eta

Ataria 2020ko maiatzaren 9a

"Ez gaitzen alarmismoan erori baina arduratsuak izan gaitezen", aipatu dute udal ordezkariek. Herriko zenbait zerbitzu murriztu dituzte osasun krisiagatik.

Hernialdeko Udalak ebatzi du, udaletxeko bigarren solairuko aretoa, liburutegia eta ludoteka ixtea. Bertan ezingo da inongo jarduerarik egin. Kaleratutako oharrean aipatzen dutenez, "komenigarria eta zentzuzkoa da pilotalekua, jolas parkea eta antzeko eremuak ez erabiltzea eta jende pilaketak ekiditea egoera berezi honek irauten duen bitartean".

Udal eraikinei dagokionez, udal bulegoetan, COVD-19aren inguruan ezarri diren garbitasun protokoloak jarraitu beharko direla aipatu dute udal ordezkariek, eta telefono bidezko zerbitzua lehenetsiko dela. Gizarte zerbitzuei dagokionez ere, telefono bidezko zerbitzua lehenetsiko da, eta zerbitzu presentziala eskatzen den kasuetan garbitasun protokoloa mantendu beharko da.

Herritarrei zuzendutako oharrean Aitor Zubillaga alkateak zera aipatzen du: "Osasun profesionalak gogor ari dira lanean egoera honi aurre egiteko, orain herritar guztioi dagokigu haiei laguntzea. Gure gain hartu behar dugu erantzukizunaren partea eta kutsatzeak ahalik eta gehien saihestu. Egoera honek sortutako eragozpenei modu bateratuan aurre egingo diogulakoan eskerrak eman nahi dizkizuet".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!