Zortzi urte daramatza Hernialden bizitzen Aitor Zubillaga Zelaiak (Ibarra, 1986). Udal langileek ematen dizkioten argibideak jarraituz, «pausoz pauso eta pixkana» ikasten ari dela dio.
Dagoeneko udalari eta alkate karguari neurria hartuta?
Martxa hartuta ez, baina udal langileek ematen dizkiguten argibideei jarraituz ari gara pausoz pauso ikasten.
Herniope izeneko hautagaitzan zerrendaburu aurkeztu zinen maiatzeko udal hauteskundeetan. Zergatik?
Aurreko alkatea, Igaro Balda, bere kargua uztera zihoan eta nola nik urte batzuk badaramazkidan Hernialden bizitzen pentsatu nuen herrian parte hartzea ondo legokeela. Ilusioa geneukan eta aurrera egin genuen.
Aurreko udal taldeko norbaitek jarraitzen al du agintaldi honetan zinegotzi?
Sei kide berriak gara eta bakarrak, Manolo Arroyok jarraitzen du zinegotzi. Bere eskutik informazioa eta laguntza jaso dugu hasiera honetan. Aurreko alkateak ere egindako lanen eta oraindik egiteko dauden gaien inguruko informazioa eman zigun. Eskertuta gaude.
Nola antolatzen zarete udal taldean?
Taldean hartzen ditugu erabakiak. Nik astelehenean egiten dut lan eta asteko gainerako lau egunetan beste lanpostu batean aritzen naiz.
Hernialdeko jendeak badu udalera gerturatzeko ohitura?
Gauzak eskatzeko baldin bada bai. Herritarrak udalera bildu nahi ditugu eta parte har dezaten udal kontuetan eta hemendik, ahal dugun neurrian, saiatuko gara erantzun bat ematen, ahaleginduko gara esker onez eta errespetuz gauzak egiten.
Etxebizitza berriak egingo dira aurki hemen Hernialden. Noiz hasiko dira lanak?
Udalak urbanizazio lanak egin ditu, ura, gasa eta elektrizitatea pasa ditugu, espaloiak eta farolak jarri dira. Etxebizitzak egiteko hiru baimen eman ditugu dagoeneko, eta aurki hasiko dira eraikitzen. Guztira, sei etxebizitza tasatu eta lau libre izango dira eta dagoeneko guztiak salduta daude. Epe motzean hamar familia berri etorriko dira Hernialdera bizitzera.
Zenbat biztanle zarete Hernialden?
313 gaude erroldatuta. Etxebizitza tasatuetara bost familia berriz datoz bizitzera eta beste familia bat Hernialdekoa da. Etxebizitza libreetan, berriz, herrikoak izanik kanpora joandako eta berriro ere bueltan datozen lau familia dira. Gure asmoa herriko belaunaldi berriak herrian geratzea da, herriko bizitzan ere parte har dezaten. Bestalde, erretiratuei leku bat eman nahi diegu. Aurten festetan egun bat jarri dugu beraientzat eta 55 bat inguruk parte hartu zuten. 65 urtetik gorako 71 herritar daude herrian. Bada kopuru majoa eta animatu nahi ditugu gauzak antolatu ditzaten.
Haur eskolarik eta eskola txikirik ez dago.
Ez, ez dago. Etorkizun batean gustatuko litzaiguke eskola hemen edukitzea, baina umeak behar ditugu horretarako.
Ostatuak hori bai, martxa ona darama.
Bai. Bizia ematen dio herriari. Jendea mugimenduan dabil hemen eta hori guretzako oso garrantzitsua da.
Herria bailarako banatuta daukazue. Horrek zaildu egiten ditu gauzak?
Zaildu egiten ditu, jendea sakabanatu egiten baita. Gauzaren bat antolatzen dugunean, puntu batera elkartzea oso zaila da. Bakoitzak bere ohiturak dauzka, batzuk gora joaten dira eta beste batzuk behera. Bailaraz bailara bilerak egin nahi ditugu eta haien kezkak eta arazoak konpondu nahi ditugu.
Diru baliabide txikiak dauzkazue. Zenbateraino baldintzatzen du horrek udalaren jarduna?
Dezente. Hemen enpresarik ez dagoenez, herritarrek jarri behar dute aurrekontuaren zati handi bat. Sarrerak murritzak dira. Gipuzkoako Foru Aldundia eta beste erakundeetara jo behar izaten dugu inbertsio berriak egiteko laguntza bila. Esate baterako, komun publikoak jarri nahi ditugu plaza inguruan, jendeak nora joan izan dezan. Aztertzen ari gara proiektua. Ahal den toki guztietan laguntzak bilatzen saiatuko gara.
Herri mugitua da Hernialde?
Nik herriko gazteei laguntzeko eskatu nahi diet. Bildu eta parte hartu dezatela gauzak antolatzen.
Zer esango zenieke herritarrei?
Eskerrak eman nahi dizkiet herritar guztiei eta esan nahi diet animatzeko udaletxera etorri eta parte hartzera. Esku zabalik hartuko ditugu eta ahal den neurrian lagunduko diegu.