Elurra iritsi bitartean, rolleskia

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 16a, 19:57

Larunbatean egingo da XIX. Hernialdeko Rolleski Igoera, Alpino Uzturrek antolatuta.

Alpino Uzturre elkarteak antolatuta, XIX. Hernialdeko Rolleski Igoera egingo da larunbatean, urriaren 19an. Urteroko hitzordua mantentzen dute Alpino Uzturrekoek, Xanti Saizar bertako kideak azaldu duenez: «Hernialdeko Gazte Festak ziren garai batean, bertakoa zen eta gure bazkidea eta eskiatzailea zen batek proposatu zuen festaren barruan horrelako igoera egitea». Bi urtetan egin zen festen barruan eta gerora probarekin jarraitu egin zuen Alpino Uzturrek antolakuntzarekin.

Eskiatzeko aukerarik ez dagoenean entrenatzeko erabiltzen den tresna da Rolleskia. «Entrenamendu bera aspergarria izan daitekeenez, tarteka horrelako lasterketa batzuk izaten dira giroa sortzen joateko neguari begira, elurra egiten duenerako», esan du Saizarrek. «Iraupen eskian eta mendiko eskian ibiltzen direnak teknika lantzeko modu bat da rolleskia, elurra ez dagoen bitartean».

Ohi bezala, bi modalitate izango dira. Estilo librekoa Tolosako Belate auzotik aterako da 16:00etan, eta estilo klasikoarena 16:05ean aterako da Hernialdeko Bentatik. «Azken batean iraupen eskian dauden bi modalitateak jartzen dira, eta rolleskiak ere ezberdinak dira modalitate batean edo bestean aritu. Bakoitzak gustukoen aritzen den horretan parte hartzen du», esan du Saizarrek. Bi probak Hernialdeko plazan bukatzen dira, eta lehenengoak 13 edo 14 minututan iristen dira.

LIGAKO LEHEN POSTUETAN

Hernialdeko probaz gain, Gipuzkoan eta Nafarroan beste zenbait rolleski proba antolatzen dira, eta liga bat osatu dute guztien artean. Hala, urrutiagoko kirolariak ere etortzen dira liga horretako probetan parte hartzera, Aragoitik, Kataluniatik eta Madrildik, esaterako. «Bere inguruan ez dituzte hainbeste proba eta hona etortzen dira», esaten du Saizarrek. «Harrera ona egiten diegu eta gustura etortzen dira».

Ligako sailkapen orokor bat ere egiten da, eta Hernialdekoa laugarren proba da. Aurretik Irun, Eibar eta Donostian egin dituzte. Hernialdekoaren ondoren, beste lau proba geratuko dira. Behin behineko sailkapenean goi postuetan daude Alpino Uzturre elkarteko kideak. Hala, gizonezko absolutuetan Mikel Plazas doa lehen postuan, eta emakumezkoetan Alaia Juaristi doa ere lehen postuan. Infantiletan mutiletan Hodei Juaristi doa sailkapenaren buru.

Hernialdeko Rolleski Igoeran izena eman nahi duenak bi aukera ditu. Batetik, uzturre@hotmail.es helbidera idatzi dezake, eta bestetik, 685 77 65 04 zenbakira deituz. Telefono deiak arratsaldez egiteko eskatzen dute antolatzaileek. Parte hartzaileek ez dute ezer ordaindu behar proban aritzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!