Hernialdeko jaiak 2019

Goiz magikoa haur hernialdetarrentzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 17a

May Gorostiagaren eskutik, tailerrak izan dituzte Hernialdeko gaztetxoenek, eta zirkuan aritzeko, burbuilak egiteko nahiz ipuinak entzuteko txokoak prestatu dizkiete.

Gaurkoa ez da ohiko tailer bat izan; tailer magikoa izan da. Eguraldiak ere bultzada handia eman dio Hernialdeko kaskoaren miresgarritasunari, eta haur eta gaztetxoenentzat prestatutako egitaraua biribil doakie momentuz.

May Gorostiagaren eskutik, hainbat diziplina ezagutzeko tailerrak izan dituzte haurrek, eta guztia ibilbide batean txertatu dute. Frontoiko arkupean zuten hasiera, eta plano txiki baten bitartez, osatu beharreko diziplinak azaldu dizkiete neska-mutilei: parkean burbuila erraldoiak; parke aldameneko zuhaizpean ipuin kontatzea; plazan, zirkuko hamaika ariketa.

Froga bakoitza bukatzerakoan objektu txiki bat jaso dute, eta harekin hasiera puntura itzuli. Txoko guztietan aritu eta objektu guztiak bilduta, haur bakoitzak txotxongilo bat eramango du etxera.

Behin jolasa bukatuta, magia ikuskizuna izango da, guztientzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!