Hernialdeko jaiak 2019

Andra Mari egunaren ostekoa, erretirodunentzat

Ataria 2019ko abu. 16a, 14:23

Hernialdeko Andra Mari jaietan, lehenengo aldiz egin dute toka txapelketa; Pilar Imaz eta Domingo Ibarbia izan dira saridunak.

Aurten, estreinakoz ari dira Hernialden erretirodunen eguna ospatzen. Orain arte, negu aldean egin ohi zuten eurei zuzendutako festa, baina, jende gutxi etortzen zelako festetara aldatu dutela arrazoitu dute festa batzordeko kideek. Bazkarirako 50 lagun inguru bildu dira.

Beraz, gaurkoa, oso-osorik erretirodunentzat, baina beste herritarrak ere ez dira festatik urruti ibili. Hamabiak ingururako hasi dira plazara gerturatzen eta lehendabiziko toka txapelketa jokatzeko aukera izan dute bertaratu diren herritarrek. Hiru tiraldi egin behar izan ditu bakoitzak, eta joaldi gehien egin duten emakume zein gizonek saria jaso dute. Pilar Imaz eta Domingo Ibarbia izan dira sarituak, 3 eta 10 joaldirekin.

Tokan ari ziren bitartean luntxa izan dute: txorizoa, tortilla, txibierro eta nahi adina edateko. Horren ostean, eta denen harridurarako, herriko gaztetxoek agurra eskaini diete erretirodun guztiei. Horrekin bat, bazkaltzera eseri dira. Bazkalosterako, bingoa prestatu dute, eta arratsaldean, patata tortillarekin emango diote jarraipena egunari. 20:30ean zahagi ardoa izango dute, eta jarraian, Baltzola eta Andonegi trikitilariekin erromeria egingo dute.

Igandera bitarte luzatuko dituzte festak Hernialden; ikusi hemen datozen egunetarako egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!